Beste urteekin alderatuta, iaz batez beste %22 jaitsi zen ibilgailuen joan-etorria Irurtzun eta Tutera arteko AP-15 autobidean (Nafarroa), eta apirilean, zehazki, %70. Inork aurreikusi gabeko beherakada handi horrek eragina izan du Nafarroako Gobernuaren eta 2029ra bitartean autobidearen kudeaketaren arduradun Audenasaren finantza harremanetan.
Gobernuak partaidetza du Audenasan: zehazki, %50ekoa.1999tik, Nafarroako Gobernuak urtero diru kopuru bat ordaintzen dio errepidea maiz erabiltzen duten gidariei ezarritako beherapenen konpentsazio moduan. Konpentsazio hori kalkulatzeko, formula bat hitzartu dute bi aldeek. Nahiz eta iraganean, batik bat krisi urteetan, trafikoa jaitsi egin zen, orain arte inoiz ez da hainbeste beheratu. Ondorioz, martxotik ekainera bitarteko hilabeteetan, formula horren arabera, Audenasari zegokion gobernuari ordaintzea.
Alta, azaroan aurkeztutako proposamenean, Audenasak planteatu zuen formularen irizpidea aldatzea eta gobernuak 6,3 milioi euro ordaintzea. Abenduan, Ogasun eta Ekonomia Departamentuko Esku Hartze orokorrak proposamen horren aurka egin zuen, eta ihardetsi formularen aldaketa hura kaltegarria zela ogasunarentzat, eta gobernuari 1,2 milioi euro ordaintzea zegokiola. Audenasak erabaki haren aurkako helegitea aurkeztu zuen, eta otsailean Nafarroako Gobernuak onartu egin zuen.
Irizpide aldaketa hura ulertu ezinik, Navarra Sumak, EH Bilduk eta Ezkerrak txosten bana egiteko eskatu zioten Nafarroako Kontuen Ganberari eta Nafarroako Kontseiluari. Lehenak jada egin du bere azterketa, eta ondorioztatu du aldaketa «legezkoa» izan dela. Aitzitik, gogorarazi du Nafarroako Kontseiluak izango duela azken hitza gai horri buruz. Halaber, txostenean jasotzen denez, iazko irizpide aldaketa hori orain datozen urteetan aplikatu daiteke, eta, 2029ra bitartean, Nafarroako Gobernuari 93 milioi euroko faktura gehigarria eragin diezaioke. Horregatik, gomendatu du Audenasak eta gobernuak bien arteko akordioa aldatu eta berriz hitzartu behar luketela.
Txibite, pozik
Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak atzo nabarmendu zuen kontuen ganberak ontzat jo duela Ogasun Departamentuaren kudeaketa. PSNko Ramon Alzorrizek aipatu zuen gobernuak «zorroztasun juridikoz» jokatu duela. Zuhurrago mintzatu zen gobernuko beste bazkideetako bat, Geroa Bai. Uxue Barkosek ontzat jo zuen txostenaren ondorio nagusia, baina, ganberaren gomendioari jarraituz, hitzarmena aldatu egin behar dela deritzo. Ahal Dugu-ko Ainhoa Aznarez pozik azaldu zen emaitzarekin. EH Bilduko Adolfo Araizentzat, ganberak ez dio erantzun planteatutako galdera nagusiari: gobernuak zergatik aldatu zuen irizpidez abendutik otsailera, eta ad hoc egindako prozedura bat izan ote zen.
Nafarroako Gobernuak Audenasari ordaindutakoa «legezkoa» da
Kontuen Ganberak nabarmendu du Nafarroako Kontseiluak duela auziari buruzko azken hitza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu