Akordioa adostu dute. Aurreratu zuten giro onean zihoazela Nafarroako Gobernuak 2024rako aurrekontuen harira EH Bildurekin hasitako negoziazioak, eta, iragan astean, EH Bilduk esan zuen proposatutako zuzenketa guztiak onartu zizkietela. Atzo iluntzean adostu zuten akordioa, eta gaur abiatu dute tramitazioa, martxoaren 7an behin betiko onar daitezen. EH Bilduren abstentzioarekin, 2024rako aurrekontuak bermatuak ditu Nafarroak.
Jose Luis Arasti Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak nabarmendu du kontsentsua egon dela: «EH Bildu izan da alderdi bakarra gobernuaren deiari erantzun diona mahai baten bueltan esertzeko, foru komunitaterako aurrekonturik onena negoziatzeko». Arlo ekonomikoan eta sozialean herritarren beharrei erantzuteko aurrekontuak adostu dituzte, Arastiren ustez.
Aste honetan aurrekontuaren edukia gizarte eragileei erakutsi ondotik, gobernuak lege proiektua onartu du, eta haren edukia aurkeztu dio Arastik Unai Hualde parlamentuko lehendakariari. Taldeek urtarrilaren 30a arteko epea izango dute osoko zuzenketak aurkezteko, eta otsailaren 8ra artekoa zatikako zuzenketak erregistratzeko. Osoko zuzenketa aurkeztuz gero, otsailaren 23an eztabaidatuko dira. Zatikakoak, berriz, otsailaren 23tik martxoaren 1era. Azkenik, osoko bilkura martxoaren 7an egingo da. Etxeko lanak eginda, botoak ziurtatuak ditu gobernuak.
Hala, ia bi hilabeteko bidea geratzen zaio testuari. Aurreko urteetan egin bezala, zatikako zuzenketak negoziatzeko orduan, akordioa babesten duten lau taldeek —PSNk, Geroa Baik, Zurekin Nafarroak eta EH Bilduk— elkarri diru kopuru bat ezarriko diote: erreferentzia horren barruan aurkeztuko ditu bakoitzak bere proposamenak. Diru sail horiek udalei eta gizarte elkarteentzako laguntzak dira, eta iazko irailean, Nafarroako Kontuen Ganberak gaitzetsi zuen laguntza horien kopurua handitu izana, nahiz eta formula horren legezkotasuna auzitan jarri ez. Alta, lau taldeek aurrera jotzeko asmoa dute. Banaketa horretan, EH Bilduri 4,4 milioi euro egokitu zaizkio. Besteena ez dute aurreratu.
Akordioaren puntu nagusiak
«Akordio ona da, albiste ona da». goraipatu du 13:00etan egindako agerraldian Laura Aznal EH Bilduko eledunak. Aurreko astean onartu zuen legealdiari begirako akordioa lortu nahi izan dutela. Aznalen arabera, «legealdi honetako lehen akordio garrantzitsua da, beste askoren aurrenekoa», aipatu du, eta gaineratu: «Sinetsita gaude EH Bildun pertsonak jarri behar direla erdigunean, eta akordiorako borondatea baldin badago, aurrera egiten da». Uste du bederatzi urtez jarraian eskuina alboratu eta bestelako aurrekontuak zein politikak egitea posible izan dela EH Bilduk horren alde egin duelako.
Aurreko astean onartu zuen gobernuak EH Bilduk egindako ekarpen guztiak blldu dituela bere lege proiektuak. Berez, EH Bilduren ekarpenak 10 milioi euroren diru sailak jaso dituzte —horri zatikako zuzenketen 4,4 milioi euro gehitu beharko litzaizkioke—-. Aznalen arabera, legealdiari begirako beste hainbat konpromiso jaso dira. Adibidez, berriki Hezkuntza Departamentuak iragarri du 0-3 zikloa doakoa izango dela datorren ikasturtetik aurrera, eta, Aznalen arabera, «hori posible izan da EH Bilduk azken urteetan helmuga horrekin egindako lan edota ekarpenei esker». Duela bi urteko lan gatazka gogoan, milioi bat euro gehiago jaso dituzte lan baldintzak hobetzeko.
Euskarari dagokionez, helduen alfabetetzerako laguntzak bikoiztu egin dituzte 2021etik, 2,4 milioi eurora arte: «Doakotasunetik gero eta gertuago gaude». Osasungintzan, zentro pribatuetara bideratzen diren pazienteak murrizteko konpromisoa hartu du. Udalen atalean, duela hiru urteko erreformari esker gastu arrunten finantzaketak 61 milioi euroko jauzia egin dela uste du EH Bilduk eta orain udal maparen errerformaren legea garatzeko pausoak ematekotan geratu da gobernua. Gizarte eskubideetan 2,3 milioi euro gehiago izango dituzte, eta Nafarroa osoan etxez etxeko arretarako plana zabaltzeko eta eguneko zentroak indartuko dituzte.
Eskuinari kritikak
Ramon Alzorriz PSNko eledun eta antolakuntza idazkariaren arabera, gizarte politiketarako izango da %51. «Datu horiek erakusten dute ez diola berdin nork gobernatzen duen. Txibitek gidatutako gobernu aurrerakoi honen politikak pertsonak jartzen ditu erdigunean». Eskuinaren jarrera ere kritikatu du, uste duelako negoziazioari uko egiteak ez diola mesederik egiten herritarrei. 0-3 urte arteko haur eskolen doakotasuna, garraio publikoaren hobariak eta BEZaren beherapena aurrekontu horiekin ordaintzen direla gogoratu du.
Pablo Azkona Geroa Baiko legebiltzarkideak lau alderdi politikoen artean lortutako akordioa azpimarratu du. «Hondamendia datorrela dioten eskuinaren diskurtsoen aurrean, Nafarroak aurrera egiten du, pauso irmoarekin eta ordenatuarekin». Gogora ekarri du Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakari zela ere erdietsi zituztela akordioak, eta bederatzi urtez jarraian «egonkortasuna bermatu» dutela. Besteak beste, aipatu du «euskararen normalizazioan urratsak» egingo direla eta biolentzia politikoa jasan duten biktimei kalte ordaina ematea ere jasotzen duela proiektuak.
Guztiz bestelako azterketa egin du UPNk, eta azken asteetako ildotik, gogor egin du sozialisten aurka Javier Esparzak: «EH Bilduren aurrean belauniko jarri da PSN, eta Nafarroako Gobernuaren erabaki ahalmen guztia eman dio». UPNko presidentearen aburuz, urtetik urtera koalizioaren lorratza «gero eta nabariagoa» da aurrekontuetan, eta «apurka» bere eredua zabaltzen ari da «Nafarroa osora».
Antzera mintzatu da PP. «Bilduren aurrekontuak dira, ez dira Nafarroak behar dituen aurrekontuak», kritikatu du Javier Garcia PPren Nafarroako presidenteak.
Akordioa
- Zerga politika. Talde bat sortuko da 2025eko zerga erreformaren neurriak aztertzeko. Aztertuko dute pentsiodunei 1.080 euroko gutxieneko errenta bermatzeko osagarriaren aukera.
- Udal politika. Tokiko Administrazioaren legea garatzeko lantaldea osatuko dute. Besteak beste, irailerako eskualdeen eta udalez gaindiko erakundeen eskumenen zehaztea hitzartu nahi dute. Eliza katolikoaren immatrikulazioen auzian, udalen defentsarako aholkularitza bulego bat sortuko da.
- Euskara: Helduen euskalduntzerako diru saila hobetu da, beste 250.000 euro gehituta, eta norabidea da doakoa izatea etorkizunean. Departamentuek ekainerako hitzartu dute hizkuntza planak egitea (urtebete baino gehiago atzeratu den konpromisoa). Euskarazko komunikabideen laguntzetan 343.000 euro gehiago jarri dira.
- Ingurumena. Azterlan bat egingo da karbono aurrekontuen eredu bat proposatzeko. Aldaketa Klimatikoaren Legea garatzeko eta bete ez diren epeak azkartzeko asmoa azaldu du gobernuak. Aurten Trantsizio Energetikoaren Agentzia sortzeko legea onartzeko asmoa du.
- Berdintasuna. Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean, biktimei laguntza integrala bermatzeko neurriak hartuko dira. Gainera, alor horretan aritzen diren langile publikoek aldez aurreko prestakuntza izatea bermatuko dute. Berdintasun teknikarien sarea osatuko da, eta urtero berdintasun politiken azterketa egingo da.
- Hezkuntza. 0-3 zikloa doakoa izango da datorren ikasturtean eta milioi bat euro gehiago izango dute udalek lan baldintzak hobetzeko. Kontratazioak handituko dira. D ereduko eskaintza berrien kasuetan, matrikulazio kanpaina hasi aurretik familiek informazioa jaso ahal izatea bermatuko da, Lezkairuko kasua errepikatu ez dadin.
- Osasuna. Klinika pribatuetara bideratzen diren kasuak aztertuko dituzte, urtean gutxienez %5 murrizteko helburuarekin. Halaber, ospitale erabilerako tratamenduen eraginkortasuna neurtzeko azterlan bat kontratutako dute 2025 amaierarako. Diagnostiko eta tratamendu zirkuitu azkarrak diseinatu nahi dituzte.
- Eskubide Sozialak: Zaintza itun bat egin asmo dute, adingabeen, adinekoen eta mendekoen zuzeneko arreta emateko zerbitzuetan aurkitutako gabeziak konpontzeko. Etxez etxeko arreta indartu nahi dute, 800.000 euroko diru sail baten bidez.
- Etxebizitza. Alokairurako foru poltsa bat bultzatuko dut Nasuvinsak.
- Lana: Lan prebentzioa kontratu publikoetan txertatuko da. Lan ikuskatzaileen lanari buruzko azterketa egingo da. Amianto modu seguruan ezabatzeko plana bultzatuko da.