Gaurko bileran onartu du Nafarroako Gobernuak administrazioan euskararen erabilera arautzen duen dekretua. Ana Ollok aurkeztu du ondoren. Esan du Euskararen Legean jasotzen dela herritarrek admnistrazioarekin euskaraz aritzeko duten eskubidea, eta horri erantzuten diola dekretuak. Gaineratu du herritarrek euskarazko arreta jasotzeko duten eskubidea bermatzeaz gain, administrazioko langileek hartuta dituzten eskubideak ere bermatzen dituela.
Gaur onartutako proposamena ez da hasiera batean Gobernuak aurkeztu zuena zehatz-mehatz. Nafarroako Kontseiluak pasa den hilean, oro har, ontzat jo zituen dekretuaren eduki ia guztiak, eta aldaketa partzial batzuk besterik ez zituen proposatu. Ollok gaur nabarmendu du 41 artikuluetatik 34 osorik onartu zituela eta beste lau, partzialki.
Zonifikazioa, oinarri
Nafarroaren zonifikazioa eta "errealitate soziolinguistikoa" aintzat hartu du Gobernuak dekretuan, gaur azaldu duenez. Zonalde euskaldunean ofizialtasunak euskarari ematen dion estatusetik eratortzen diren eskubideak bermatzen dituela esan du. Zonalde mistoan herritarrek administrazioarekin duten harremanetan zein hizkuntz erabili nahi duten aukeratzeko eskubidea bermatzen duela dio. Zonalde ez eskualdunari dagokionez, berriz, administrazioarekin euskaraz aritzeko eskubideari "erantzun positibo bat" emateko administrazioaren jarduera egokitu nahi du onartu berri den dekretuak.
Ollok nabarmendu du Nafarroan euskarazko arreta jaso ezin duten 80.000 euskaldun daudela, eta administrazioan dauden 16.000 lanpostuetatik 160tan soilik dagoela euskarazko hizkuntz eskakizuna. Adibide gisara Nafarroako Ospiatela jarri du: 6.142 lanpostuetatik batean bakarrik baloratzen da euskara jakitea.