Nafarroako Gobernuak abenduaren 1ean jasoko du trafiko eskumena

Espainiako eta Nafarroako gobernuak egun horretan batzartuko dira transferentzia sinatzeko

Espainiako eta Nafarroako gobernuetako ordezkariak, atzo Madrilen eginiko bileran. BERRIA.
jon olano
2021eko irailaren 8a
00:00
Entzun
Mende erdiaren ondoren, trafiko eskumena berreskuratzeko gutxi falta du Nafarroak. Abenduaren 1ean, Nafarroako Gobernuak eta Espainiakoak osatutako Transferentzien Batzordea elkartuko da, eskumen horren transferentzia gauzatzeko. Atzo iluntzean eman zuen Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak akordioaren berri. Txibite Isabel Rodriguez Espainiako Lurralde Politikako ministroarekin batzartu zen atzo, Madrilen. Bi gobernuak ados jarri dira Nafarroaren esku uzteko trafikoko eta bide segurtasuneko eskumenak. Txibitek nabarmendu du bi gobernuen arteko «lankidetza giroa erabatekoa» dela eta «aurreikusitako egutegia» betetzen ari direla eskumenen transferentzian: «Biok gorde dugu abenduaren 1eko data. Lan teknikoek jarraitzen dute, eta datorren astean Nafarroak erantzungo dio estatuak bidalitako dokumentazio teknikoari».

Aspaldiko eskaria da eskumena: 1959ra arte diputazioak arautzen zituen Nafarroako errepideak, Araban bezala. Urte hartan, frankismoak ahalmen hori indargabetu zien bi lurraldeei, eta gobernadore zibilen eskuetan utzi zuen ardura.

«Pasabide» bat

Akordioaren ondorioetako bat izango da Foruzaingoak hartuko duela Nafarroako errepideen ardura. Txibitek zehaztu du Nafarroako Gobernuak «pasabide» bat aktibatuko duela egun Guardia Zibilaren trafikoko sailean ari diren poliziak Foruzaingoan aritzeko —aukera hori jasotzen du Polizien Nafarroako Legeak—. «Gure asmoa da, ezein momentutan, Nafarroan jarraitu nahi duen ezein guardia zibilek gure erkidegotik ez alde egitea», gaineratu du Txibitek.

Hogei urtez konpetentziarik eskuratu gabe egon eta gero, aurten Nafarroak jasoko duen bigarren eskumena izango da. Izan ere, espetxeetako osasungintzari buruzkoa bereganatu zuen Nafarroak apirilean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.