Nafarroako Gobernuak 603 lanpostuko lan eskaintza publikoa hitzartu du LAB, Afapna eta UGTrekin

Lanpostuen ia erdiak «Nafarroako osasun sistema indartzeko» eskainiko dira.

Foru Ogasuneko bulego baten irudia. NAFARROAKO GOBERNUA
Foru Ogasuneko bulego baten irudia. NAFARROAKO GOBERNUA
joxerra senar
2025eko apirilaren 23a
15:27
Entzun 00:00:0000:00:00

Azken urteetan Nafarroako Gobernuak funtzio publikoko behin-behinekotasuna %43tik %16ra murriztu du, eta aurten egonkortze prozesu horretan aurrera jarraituko du. Gaur, LAB, Afapna eta UGT sindikatuekin hitzartu du beste 603 lanpostu egonkortzea, lan eskaintza publiko partzial baten bidez.

Apirilaren 9ko grebaren ondotik, lehen bilera egin du gobernuak Funtzio Publikoko Mahai Orokorreko sindikatuekin. Bost sindikatuetatik hiruk adostu dute eskaintza, eta Rashid Mohamed Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak iragarri du aurki onartuko duela deialdi hori arautuko duen foru dekretua.

Deialdi horretan aterako diren postuak administraziorako eta osasungintzarako izango dira. Zehazki, 315 lanpostu administrazio nukleorako izango dira: C mailako 173 postu, D mailako 74, B mailako 43 eta A mailako 25. Gainera, Osasunbideko 288 postu egonkortuko ditu, eta Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuko beste sei postu. «Zerbitzu publikoak indartu nahi ditugu, eta haien kalitatea hobetu», adierazi du gobernuak prentsa ohar batean.

3.548

Egonkortze prozesua. Duela urte batzuk, behin-behinekotasun handia zuen Nafarroako administrazioak, %43koa. Europako Batzordeak behartuta, egonkortzeko prozesuari ekin zion, eta azken urteetan 3.548 lanpostu egonkortu ditu. Orain, lan eskaintza aurrera badoa, 603 gehiago izango dira.

Europako Batzordeak iazko abendurako %8ko behin-behinekotasuna ezartzeko helburua ezarri zien administrazio publikoei. Epea agortu bada ere, oraindik bidea geratzen zaio xede horretara iristeko. Nafarroaren kasuan, foru administrazioko eta bere erakunde autonomoetako langile kopurua hartu behar da aintzat —erakunde autonomoen artean daude, besteak beste, Osasunbidea, Nafarroako Ogasuna, Nafar Lansare, Euskarabidea eta abar—.

Merezimenduen dekretua

Bilera horretan, merezimenduen dekretu proposamena izan dute hizpide. Dekretu horrek hizkuntz eskakizunak arautuko ditu administrazioko oposizio lehiaketetan, lekualdatzeetan eta mailaz igotzeko prozesuetan, eta azken bost urteetan eztabaida bizia eragin du horrek.

Gobernuak azaldu du hizkuntzaren ezagutza 9.537 lanpostuetarako aintzat hartuko dela: 7.619 postutarako baloratuko da jakitea hala euskara nola «Europako Batasuneko laneko hizkuntzak (ingelesa, frantsesa edo alemana)». Beste 1.459 postutan, aintzat hartuko da EBko hizkuntzaren bat jakitea. Soilik postuen %4,8an (459 lanpostu) kontuan hartuko da soilik euskaraz jakitea.

Bileran langile publikoen estatutua berritzeko prozesuaz hitz egin dute. Hori izan zen apirilaren 9ko grebara deitzeko arrazoi nagusietakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.