Nafarroako Gobernuak 4.000 etxebizitza egin nahi ditu Sarrigurenen; eta UPNk, 5.000

Maria Txibitek adierazi du Eguesibarko Udalarekin jarri beharko direla harremanetan. UPNk «inprobisatzen» aritzea leporatu dio Nafarroako Gobernuko lehendakariari.

Etxebizitza batzuen eraikuntza Iruñean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Etxebizitza batzuen eraikuntza Iruñean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko otsailaren 14a
13:20
Entzun

Sarrigurenen 4.000 etxebizitza publiko eraikitzeko asmoa du Nafarroako Gobernuak. Hala esan du gaur Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak. CCOO sindikatuak antolatutako etxebizitzari buruzko jardunaldi batzuetan izan da Txibite, eta horiek hasi baino lehen egin ditu adierazpenok, komunikabideen aurrean. Jakina zen UPNk agerraldi bat egingo zuela gaur goizean —Txibitek hitz egin eta handik bi ordura izan da—, Eguesibarren etxebizitzari buruzko proposamenak egiteko. Bertan, UPNk jakinarazi du 5.000 etxebizitza eraiki nahi dituela Eguesibarren —hango herribatzarra da Sarriguren—.

Bakoitzak bere aldetik ondu du proiektua. Izan ere, Nafarroako Gobernuko lehendakariak iragarpena egin duenean, Eguesibarko Udaleko Hirigintza Sailak BERRIAri jakinarazi dio oraindik ez zuela jaso horren inguruko informaziorik. Are, Txibitek aipatu du Eguesibarko Udalarekin jarri beharko direla harremanetan proiektua aurrera eramateko. Bestalde, UPNren agerraldian, Cristina Ibarrola alderdiko presidenteak «inprobisatzen» aritzea leporatu dio Txibiteri. «Gustatuko litzaidake Nafarroako Gobernuak proiektuaren berri eman izana, edo horri buruz galdetu izana», erantsi du, berriz, Xuriñe Peñas alkateak. 

50 hektareako eremu batean 4.000 etxebizitza publiko inguru eraiki nahi ditu Nafarroako Gobernuak. «Berehala» jarri nahi dute proiektua martxan. «2027rako prest egon litezke etxebizitzak», adierazi du lehendakariak. Haren arabera, egungo auzoaren aurreko azterlanek aurreikusia zuten proiektua, eta «ezin hobeto egiten du bat Lurralde Antolamenduaren planoekin».

UPNren proiektuari dagokionez, azaldu dute 5.000 etxebizitza horien erdiak babestuak izango direla, eta «etxebizitza berrien eskaintza eskasiari» aurre egitea dutela helburu. 117 hektareako eremu batean eraiki nahi dituzte etxebizitzak. Ibarrolak esan duenez, «egoera larria» da, Nafarroan etxebizitza babestu bat eskuratzea zaila baita: «20.800 familia daude itxaron zerrendan». Peña alkateak, berriz, esan du espero dutela Nafarroako Gobernuak erraztasunak jarriko dituela proiektua aurrera eraman ahal izateko.

Bi iragarpenen «funtsa eta modua» kritikatu ditu Geroa Baik, eta argi utzi du ez duela babestuko «bizilagunentzako kalitatezko zerbitzuak bermatzen ez dituen hirigintza planteamendurik». Ohar bidez adierazi dute proiektuek ez dituztela kontuan hartu «eremu horretan bizi diren biztanleentzat beharrezkoak diren azpiegiturak eta zerbitzuak», eta oraindik ez dituztela garatu herritarrek orain behar dituzten zerbitzu asko.

Bi iragarpen horien ostean hitz egin du Oscar Txibitek, Nafarroako Gobernu Lurralde Kohesiorako kontseilariak. Jakinarazi du gobernuko lantalde bat dagoeneko ari dela Eguesibarko proiektuan lanean, eta Nasuvisari lehen azterketa bat egiteko ere agindu diotela.

Oskar Txibitek zehaztu du ez dela etxebizitzak egiteko plan huts bat, haien inguruko azpiegiturak ere aintzat hartuko dituztela, eta inguru horren mugikortasun arazoentzat ere plan bat onduko dutela. «Funtsezkoa da hori». Eta ohartarazi du UPNren planak ez duela hori aintzat hartzen. 

Sarrigurengo planak Iruñerriari erantzun behar dio, ez Eguesibarri soilik, Oscar Txibiteren esanetan, eta horregatik du zentzua UGEP udalerriz gaindiko eragina duen planaren tramitazioari ekitea. UPNk aurkeztutako plana Eguesibarko Udalak aurrera eraman nahiko balu, hirigintza plana egokitu beharko luke, eta horrek «urteak» eraman ditzake, Txibiteren arabera. Aldiz, UGEP gisa traminatuta, bi urteren buruan bukatua egon liteke prozesua.

PSNko Antolaketa idazkari Ramon Alzorrizek ere txalotu egin du gobernuaren asmoa. Haren esanetan, eskubideak eta ongizate estatua babestea dira sozialisten helburuak, eta horretan ari dira. Aldiz, UPNk ekintza pribatuari lehentasuna ematen diola esan du, gaur aurkeztutako plana enpresa pribatuak garatuko lukeelako: «Eskuinak sustatzaile pribatuen alde egiten du».

Etxebizitza, «kezka nagusietako bat»

Txibitek esan du etxebizitza dela herritarren kezka nagusietako bat, eta horri erantzuna eman behar zaiola, «eskubide bat» eta «oinarrizko behar bat» baita. Hori dela eta, adierazi du era guztietako politika publikoak aktibatu behar direla, «denboran iraungo dutenak».

Begoña Alfaro Nafarroako hirugarren lehendakariorde eta Etxebizitza kontseilariak, berriz, esan du «erronka oso garrantzitsua» dutela mahai gainean orain: «Etxebizitza arrazoizko prezio batean eskuratu ahal izatea». Argi utzi du hori lortzeko neurriak hartu behar direla, «hainbat hamarkadatan inork ez duelako ezer egin».

Horren harira, gogoratu dute Nafarroako Gobernuak prozesua abiatu duela 21 udalerri tentsio handiko eremu izendatzeko. Hain zuzen, gaur argitaratu dute prozedurari hasiera emateko foru agindua. Ia hiru nafarretik bi (%63,8) bizi dira udalerri horietan. Besteak beste, Iruñea, Tutera eta Altsasu izendatu nahi dituzte tentsio handiko eremu.

Beste neurri bat ere iragarri du Alfarok: «Datozen asteetan martxan jarriko dugu etxebizitza hutsen erregistroa; horri esker, datu fidagarri eta ofizialekin jakin ahal izango dugu zenbat etxebizitza huts ditugun». Horrela, hutsik dauden eta «espekulazioa helburu duten etxebizitzei» kargak ezarri ahalko dizkiete.

Informazio, Aholkularitza eta Bitartekaritza Zerbitzua ere hurrengo asteetan sortuko dute. Maizterrek eta jabeek aholkularitza jasotzeko aukera izango dute bertan, eta euren eskubide eta betebeharrak ezagutu. Horrez gain, Alfarok esan du «lankidetza publiko-pribatuaren aldeko apustua» egiten jarraituko dutela, «alokairu eskuragarria sustatzeko» helburuarekin: «Espekulazio asmorik gabekoa eta beti ondare publikoa mantenduz».

IRUÑEKO UDALAK 100 ETXEBIZITZA BABESTU ERAIKI NAHI DITU 2035 BITARTEAN

Hurrengo hamar urteetan 138 etxebizitza eraikitzeko promozioak abian jarri nahi ditu Iruñeko Udalak, gaur jakinarazi duenez. Etxebizitza horietatik 100 izango lirateke babes ofizialekoak; gainerako 38ak alokairurako, beharrean diren pertsonentzako zein etxebizitza kooperatibak egiteko (2 promozio) izango dira. Guztira hamahiru obra egin nahi dituzte. Ostegunean aztertuko dute proposamena, Iruña Bizi Berritzen organismoaren bileran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.