Miguel Laparra, Nafarroako Gobernuko Giza Eskubideen lehendakariordeak gaur goizean egindako agerraldian azaldu duenez, laguntzen diru kopurua lau alorretan banatzen da: elikadura laguntzetarako 170.000 euro, osasunerako 80.000 euro, administrazio sahararra sendotzeko 26.750 euro eta hezkuntzarako 25.000 euro. Laguntzen eskaera aurkezteko epea irekita dago eta abuztuaren 16an bukatuko da.
Diru laguntza horien helburua pobreziaren aurkako borroka eta giza garapena dira. Laguntzak emateko orduan, kontuan hartuko dira, besteak beste, eskatzen duen erakundearen ezaugarriak (finantza gaitasuna, gaitasun estrategikoa eta gaitasun operatiboa) eta proiektuaren ezaugarri teknikoak: esku-hartze eremura egokitzeko ahalmena; helburuak; aurreikusitako giza baliabideak, baliabide tekniko eta ekonomikoak; proiektuaren bideragarritasuna eta gauzatze prozesua; jarraipena eta ebaluazioa.
Iaz Nafarroako Gobernuko ordezkaritza batek Tindufeko kanpalekuetara egindako bisita da Saharar komunitatearen aldeko laguntza horien abiapuntua. Laparrak azpimarratu du saharar herriak duen egoerak "jatorri politikoa" duela eta bakearen aldeko lanean Nafarroako Gobernuaren konpromisoa "irmoa" dela.
Laparrarekin batera, Badadi Benamar Nafarroako saharar ordezkariak parte hartu du agerraldian. Nafarroako Gobernuarekin "oso eskertua" agertu da bere elkartasunagatik eta Marokok saharar herriaren eskubideak etengabe urratzen dituela oroitarazi du. Aldi berean, gatazkaren irtenbidea erreferenduma dela aipatu du Benamarrek.