Eneko Larrarte Nafarroako Gobernuko Etxebizitza departamentuko zuzendari nagusia kargutik kentzeko erabakia onartu du gaur Maria Txibiteren gobernuak. Larrartek berak hala eskatuta hartu dute erabakia, asmoa baitu heldu den maiatzeko hauteskundeetan Tuterako alkatetzarako zerrendetan aurkezteko. Zehazki, Ahal Dugu-k, IUN-NEBk eta Batzarrek osatutako Zurekin Nafarroa koalizioko zerrendaburua izanen da Tuterako Udalean.
Larrarte Tuterako alkate izan zen 2015etik 2019ra bitarteko legealdian, Ezkerra koalizioko hautagai zela, lehen aldiz aginte makila UPNri kenduta. Urte hartako aldaketa politiko-instituzionalaren aurpegi nagusietako bat izan zen, Uxue Barkos lehendakariarekin eta Joseba Asiron Iruñeko alkatearekin batera.
2019. urtean, Navarra Sumak alkatetza berreskuratu zuen, Alejandro Toqueroren hautagaitzak gehiengo osoa lortuta. Oposiziora igaro beharrean, Larrartek Nafarroako Gobernura egin zuen jauzi, Etxebizitza Departamentuko zuzendari nagusi izendatu baitzuen Jose Mari Aierdi kontseilariak. Erabaki horren ondorioz, IUN-NEBtik kanporatu zuten berehala, alderdi horren zuzendaritzak erabakia baitzuen PSN, Geroa Bai eta Ahal Dugu-ren arteko koalizio gobernuan ez sartzea.