Nafarroako Gobernua bigarren bizikidetza plana egiten hasi da

Ana Ollo lehendakariordeak sinatu du foru agindua, eta lehenengo planean antzemandako «ahulezietan» eta «indarguneetan» oinarrituko dela adierazi du.

Ana Ollo Memoria eta Bizikidetzako kontseilaria, Nafarroako Parlamentuan. MIGUEL OSES / PARLAMENTUA
Ana Ollo Memoria eta Bizikidetzako kontseilaria, Nafarroako Parlamentuan. MIGUEL OSES / PARLAMENTUA
Ane Etxandi.
Iruñea
2024ko abenduaren 23a
13:56
Entzun

Bigarren bizikidetza plana garatzen hasi da Nafarroako Gobernua. Ana Ollo Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilariak sinatu du foru agindua. Nafarroak datozen urteetan giza eskubideen, bakearen eta aniztasunaren arloan izango dituen «erronkak» landuko ditu plan berriak.

Lehenengo planean oinarrituta egonen dela adierazi du Ollok. Izan ere, 2022an, atzera bota zuten lehenengo bizikidetza plana, EH Bilduren eta Navarra Sumaren kontrako botoen ondorioz. Oraingoa plan horren «ahulezietan» eta «indarguneetan» oinarrituko dela esan du, baina baita «egungo mehatxuetan eta aukeretan ere».

Datozen hilabeteetan prozesu parte-hartzaile bat abiatuko dute, departamentuko Memoriaren eta Bizikidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zerbitzuaren kudeaketa zuzenaren bidez, eta Nafarroako Politika Zientzietako eta Soziologiako Doktore eta Lizentziatuen Elkargo Ofizialaren laguntza teknikoari esker. 2025eko urte hasieran plan berriaren oinarriak finkatu nahi dituzte, ondoren partaidetza prozesua egituratzen hasteko.

Munduan gailentzen ari den «ultraeskuinaren diskurtsoa» dela eta, erakundeen eginkizuna nabarmendu du lehendakariordeak: «Inoiz baino beharrezkoagoa da erakundeok konpromisoa hartzea giza eskubideen itsasargiari eusteko, gizarte demokratikoa eraikitzeko». Datorren urtean 50 urte beteko dira Franco diktadorea hil zenetik, eta adierazi du «garai aproposa» dela «biktimen egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubideen alde lan egingo duen memoria kritiko baten politika publikoa» sendotzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.