NAFARROAKO GOBERNU BERRIA

2023ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun

Maria Txibite. Nafarroako Gobernuko lehendakaria

Cintruénigo, 1978. Soziologia lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta Foro Europarraren Giza Baliabideetako Antolamendu eta Kudeaketa masterra du. Enplegu arloan lanean aritutakoa da Cadreitako oinarrizko zerbitzuetan, Manpower enpresan eta UGTn. Hogei urtetatik militante sozialista da. Bere herrian, Cintruénigon hasi zen hautetsi gisa, 2003an. PSNk UPNren gobernua ahalbidetu zuen agintaldian parlamentari hasiberria izan zen, eta Osasun gaiak hartu zituen bere gain. 2011n, senatari hautatu zuten, eta 2014tik PSOEko bozeramaile izan zen ganberan. Urte hartan hautatu zuten PSNko idazkari nagusi, Roberto Jimenezen ordez.

Felix Taberna (PSN). Lehen Presidenteordea, Presidentetza eta Berdintasun kontseilari

Martzilla, 1961. Politika Zientzietako eta Soziologiako lizentziaduna Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. 1992tik 2010era, Nafarroako Ezker Batuko kide izan zen; 1992tik 2004ra, koordinatzaile nagusi. CCOOn aritua da, eta azken legealdian Txibiteren aholkulari izan da.

Jose Luis Arasti (PSN). Ekonomia eta Ogasun kontseilaria

Milagro, 1971. Ekonomia eta Enpresa Zientzietako lizentziaduna da NUPen. Tuterako Reina Sofia ospitalean hasi zen lanean, eta Osasunbidean postua lortu zuen. Barne sailean aritu da. Espainiako Gobernuko ordezkari izan da 2018tik.

Oskar Txibite (PSN). Lurralde Kohesioko kontseilaria

Cintruénigo, enpresaburua. Carlos Txibite PSNko idazkari nagusi izandakoaren anaia. Azken agintaldian bere herriko zinegotzi izan da. Cabanillasko Lauburu SL enpresako administratzaile izan da, hemeretzi urtez. Galdaragintzan eta egituretan aritzen da enpresa hori.

M. Karmen Maeztu (PSN). Eskubide Sozial, Ekonomia Sozial eta Lan kontseilaria

Valtierra, 1962. Gizarte Langintzako diplomaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Zuzenbideko lizentziaduna Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionalean (UNED). Eskubide sozialeko kontseilari izan da aurreko legealdian.

Carlos Gimeno (PSN). Hezkuntza kontseilaria

San Adrian, 1965. Psikologia lizentziaduna da Salamancako Unibertsitatean, Lengoaiaren Psikologia masterra eta Ikasketa Aurreratuetako diploma Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Hezkuntzan orientatzaile gisa jardun da. 2019tik Hezkuntza kontseilari da.

Amparo Lopez (PSN). Justizia eta Funtzio Publikoko kontseilaria

Donostia, 1971. Zuzenbideko lizentzia lortu zen, EHUn. Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendaria izan zen, 2009-2013 artean; Eusko Jaurlaritzako Bulego Judiziala eraberritzeko zuzendaria ere izan da. Barne zuzendari izan da, berriz, iragan legealdian.

J. Cruz Cigudosa (PSN). Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitala

San Adrian, 1964. Biologia Zientzietako lizentziaduna eta doktorea da Nafarroako Unibertsitatean. Europako hainbat ikerkuntza taldetan parte hartu du. Aurreko legealdian ere kontseilari izan zenez, kargua berrituko du.

Rebeka Esnaola (PSN). Kultura, Kirola eta Turismo kontseilaria

Iruñea, 1975. Ikus-Entzunezko Komunikazioko lizentzia lortu zuen Nafarroako Unibertsitatean, Artxibistikoan Espezialista Unibertsitarioaren titulua du, eta Kultur Kudeaketan aditua da. 2019tik kontseilaria izan da.

Ana Ollo (Geroa Bai). Bigarren presidenteordea eta Herritarren Harremanetarako kontseilaria

Iruñea, 1965. Informazio Zientzietako lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean, eta Politika Zientzietan doktorea da, Euskal Herriko Unibertsitatean, Nafarroako Elite politikoak tesiarekin. Kontseilaritzan arituko da berriro ere.

Mikel Irujo (Geroa Bai). Industria, Trantsizio Energetikoa eta Enpresen Digitalizazioa

Caracas, Venezuela, 1972. EHUko Europako Zuzenbideko doktore da. 2019an Kanpo Ekintzako zuzendari, eta 2021etik Garapen Ekonomikoko kontseilaria izan da Nafarroako Gobernuan.

Jose M. Aierdi (Geroa Bai). Ingurumena eta Landa Garapen kontseilaria

Etxauri, 1958. Bikain Nekazaritzako Eraldaketa Elkartearen arduraduna izan zen 2015era arte. Beste hainbat ardura izan ditu. Azken legealdian bigarren lehendakariordea izan da, baita Etxebizitzako kontseilaria ere.

Fernando Dominguez (Geroa Bai). Osasun kontseilaria

Gallur, Zaragoza, Espainia, 1953. Medikuntza eta Kirurgia lizentziaduna da. Ibilbide profesionalean kirurgian aritzeaz gain, 60 ikerketa zientifikotan baino gehiagotan parte hartu du. 2015eko Barkosen legealdian ere Osasun kontseilaria izan zen.

Begoña Alfaro (Zurekin Nafarroa). Hirugarren presidenteordea eta Etxebizitza kontseilaria

Zarrakaztelu, 1982. Abokatua da lanbidez, etxe kaleratzeen aurkako PAH plataformako eledun izan da urteetan. Nafarroako Podemoseko koordinatzailea da, eta lehendakarigai aurkeztu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.