Nafarroako Kontu Ganberak Gazteriaren Kontseiluaren azken bi urteotako kontuak aztertu ditu, eta kontabilitatean kontrol falta atzeman du. Kontu publikoak aztertzen dituen ganberak ohartarazi du 120.000 euroko zorra izateaz gain gaur egun kontseiluak jarduerarik ez duela. Ondorioz, bideragarritasun falta nabarmena duela eta, entitatea deuseztatzeko aukera aipatu du.
Kontu Ganberak 2023an ohartarazi zuen lehen aldiz erakunde horretako kontabilitatean kontrolik ez zegoela. Bi urte geroago, egoera ez da hobetu, txosten batean azaldu duenez. Diru mugimenduak aztertu ditu Gazteriaren Kontseiluaren ekonomia jarduera ezagutzeko. 2023an, diru sarrerak eta gastuak 128.000 eurokoak izan ziren. Iaz, berriz, askoz murritzagoak: 10.000 euroko gastuak eta 11.000 euroko diru sarrerak.
Txostenean azaldutakoaren arabera, 2023an, lau langile zituen Gazteriaren Kontseiluak. 2024ko hasieran, ostera, bi. Langile horiek soldatak kobratzeari utzi zioten, eta auzitara jo zuten. Epaileak langileen alde egin zuen, eta 80.000 euroko kalte ordaina finkatu. Kontseiluko ordezkaririk ez zen joan epaiketara, eta kalte ordaina ere ez zuten ordaindu.
Bideragarritasunik gabe
Horren guztiaren ondorioz, txostenaren ondorioa zera da: Gazteriaren Kontseiluak ez du deus egiten, egoitzarik ez du, ezta langilerik ere. Haren organoak ere ez dira berritu. Kontseiluak, gutxienez, 120.000 euroko zorra dauka. Zorraren zati nagusia langileei ordaindu beharreko kalte ordaina da. Hori guztia ikusita, ganberak uste du kontseiluak ez duela bideragarritasunik.
Nafarroako Gazteriaren Kontseilua 1986an sortu zuten, gazteen parte hartzea sustatzeko eta haien eskubideak bermatzeko xedez. Kontseiluaren arautegiak aurreikusia zuen diru sarrera nagusia bazkideen ekarpena izango zela. Ez da horrelakorik gertatu: diru sarrera guztiak publikoak dira. Izan ere, Gazteriaren Institutua zen diru iturri nagusia (%81), eta Nafarroako Parlamentutik jasotzen zuen diru sarreren %15.