Gorantz, pixkanaka. Euskararen ezagutzari buruzko ikerketa argitaratu du Nastat Nafarroako estatistika institutuak, eta, horren arabera, nafarren %26,7k dute euskarazko ezagueraren bat. Zehazki, herritarren %15,1 euskaldunak dira —euskara ulertzeko eta hitz egiteko gai direnak—, eta %11,6, berriz, euskaldun hartzaileak —euskara ulertu bai, baina hitz egiteko zailtasunak dituztenak—. Txostena osatzeko, 2022ko datu soziolinguistikoak eta demografikoak erabili ditu Nastatek. Eta datuek erakusten dute hazkundea mantsoa dela: euskaraz dakitenen ehunekoak bi hamarren egin du gora urtebetean. Hala ere, goranzko kurbak ez du etenik izan 1986tik. Garai hartan, Nafarroako euskaldunak eta euskaldun hartzaileak batuta, ozta-ozta gainditzen zuten %14ren langa.
«Azken urteotako joera sendotzen du ikerketa honek», adierazi dio BERRIAri Jabi Arakamak, Euskarabidea institutuko zuzendari kudeatzaileak. «Ikusi ahal izan dugu euskaldunen kopurua igo dela, bai ehunekoetan, bai kopuru absolutuetan. Badakigu ezagutza datuez ari garela, eta hori ez dela erronka bakarra. Ezagutzatik erabilerara jauzi handia dago, eta bi arloetan eragin behar dugu». Euskarabideko buruaren ustez, halako ikerketek frogatzen dute euskara eta euskaldunak ez direla «anekdotikoak» Nafarroan: «80.000 inguru gara; ez da nolanahiko marka».
Ikusi gehiago
Euskaldun berriak, eskolatik
Gainera, gisa honetako beste ikerketa soziolinguistiko batzuetan bezala, Nastaten txostenak zurian beltz erakusten du nola areagotu den euskara Nafarroan: gazteen eskutik. Zehazki, euskaldun osoak dira 15 urtetik beherakoen %26,6, eta 15-24 urte artekoen %26,1. Hurrengo adin multzoan, 25 eta 34 urte artekoan, euskaldunak dira hamar herritarretik bi, eta, adinak gora egin ahala, behera egiten du pixkanaka euskaraz dakitenen ehunekoak. 65 urtetik gorako herritarren multzoan, euskaldunak ez dira %9ra iristen.
Nastat institutuak, bestalde, 25 eta 54 urte arteko adin multzoetan nabaritu du euskaldunen hazkunderik handiena: 25-34 tartean, adibidez, euskaldunak dira herritarren %19,6, iaz baino zazpi hamarren gehiago; 35-44 urte arteko taldean, berriz, %13,1 dira, eta hazkundea sei hamarrenekoa izan da. Helduen euskalduntzearen sustapenak badu loturarik fenomeno horrekin. Arakamaren irudiko, «eskolari eta helduen euskalduntzeari esker» heldu dira hiztun berri horiek, «familia euskaldunen barruko transmisioa ahaztu gabe».
«Azken urteotako goranzko joera sendotzen du ikerketa honek. Ikusi ahal izan dugu euskaldunen kopurua igo dela, bai ehunekoetan, bai kopuru absolutuetan».
JABI ARAKAMAEuskarabideko zuzendaria
Hala ere, bada itzal bat ezagutzaren bilakaerari buruzko datuetan: 15 urtetik beherako gazte euskaldunen kopurua ia etenik gabe handitu da orain arte, baina azken urteetan apenas mugitu den ehunekoa. Geldialdi horri buruz mintzatu zen Paula Kasares soziolinguista BERRIAn, iragan urtarrilean: «Ezagutza datuei dagokienez, Nafarroan goia jotzetik oso hurbil egon gaitezke, ez badugu goia jo dagoeneko. Zergatik? Egungo hezkuntza sistemak ez duelako bermatzen hazkunde handiago bat. Nafarroan, azken hamar urtean, egoera ez da aldatu: ikasleen %50etik gora eskolatzen dira euskararik gabeko ereduetan; %30 baino gutxixeago, D ereduan; eta %19-20 inguru, A ereduan». Datu horiekin hazten segitzea «oso zaila» izanen dela uste du Kasaresek.
Horregatik, hain zuzen, euskararen gutxieneko ezagutza «unibertsalizatzea» proposatu du Euskarabideak, euskarazko ikasgai bat gutxienez eredu guztietan eskainita: «Euskararen hazkundean, berebiziko garrantzia izan du D ereduak, baina baita A ereduak ere. Euskaldun hartzaile asko, esate baterako, eskolan ikasitakoari esker hasi dira euskaran murgiltzen. Horregatik, oso garrantzitsua izanen litzateke gutxieneko euskarazko ezaguera bat unibertsalizatzea Nafarroako hezkuntza sistema osoan».
Euskararen II. Plan Estrategikoan jaso zuten proposamen hori, baina PSNk atzera bota zuen: «Tamalez, gaur egun ez dugu gehiengorik Nafarroako Gobernuan eta parlamentuan, euskarazko eduki hori sustatzeko, baina sinetsita gaude oso lagungarri izanen litzatekeela, euskararen transmisioan ez ezik, baita gizarte kohesioaren eta aukera berdintasunaren alorretan ere».
«Oso garrantzitsua izanen litzateke gutxieneko euskarazko ezaguera bat unibertsalizatzea Nafarroako hezkuntza sistema osoan. Tamalez, gaur egun ez dugu gehiengorik gobernuan eta parlamentuan, hori sustatzeko».
JABI ARAKAMAEuskarabideko zuzendaria
Zonifikazioa, baldintza eta galga
Adinaz gain, jaioterria da euskararen bilakaera baldintzatzen duten beste faktore nagusietako bat. Hala, euskaldunak dira ofizialtasuna aitortua duen udalerrietan jaiotako gehienak: %74,3. Euskararen legeak eremu ez-euskaldun gisa definitutako horretan jaio zirenen artean, ordea, euskaldunak ez dira %3ra iristen. Jaioterrian ez ezik, ezagutzaren desoreka hori nabari da herritarren bizitokien artean ere: euskaldunak dira mendialdean bizi direnen %62, eremu mistoko biztanleen %13,8, eta eremu ez-euskalduneko %2,8. Zonfikazioa, beraz, muga ia iragazgaitza da euskararen transmisioari dagokionez.
Udalerriei erreparatuta, euskaldunen ehunekoak %80ren langa gainditzen du Nafarroako hogei herritan, eta denak daude eremu euskaldun delakoan. Urroz da Nafarroako herririk euskaldunena, herritarren %96 baitira euskaldunak; horren ostean, Arantza da euskaldun kopururik altuena duten herrietan bigarrena [%91,8], eta Araitz hirugarrena [%90,5]. Grafikoaren beste muturrean daude eremu ez-euskalduneko hamazazpi udalerri eta eremu mistoko bat —Gorza—. Horietan, euskaldunen kopurua ez da %1era iristen.