Nafarroako Etxebizitza Legea egokitzea onartu dute, tentsio handiko eremuak errazago izendatzeko

Foru legearen proposamena aurkeztu zuten alderdiek bozkatu dute alde —PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin-ek—. UPN, PPN eta Vox alderdiek, berriz, horren aurka egin dute.

Etxe bat salgai Iruñeko Parte Zaharrean, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Etxe bat salgai Iruñeko Parte Zaharrean, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko urriaren 31
13:15
Entzun

Nafarroako Etxebizitza Legea egokitzea onartu dute gaur Nafarroako Parlamentuan. Horrela, tentsio handiko eremuak errazago izendatu ahal izango dituzte aurrerantzean. PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin-ek aurkeztu zuten foru legearen proposamena, eta urriaren erdialdean egindako bozeramaileen batzordean adostu zuten proposamen hori urgentziaz tramitatzea. Gaur egin dute bozketa, eta legea egokitzea onartu dute.

Hain justu, foru legearen proposamena egin zuten alderdiek bozkatu dute hura onartzearen alde. UPN, PPN eta Vox alderdiek, berriz, kontra bozkatu dute.

Tentsio handiko eremuak izendatzeko, «datu objektiboak» jasoko dituen memoria aurkeztu beharko dute udalerriek, behar adina etxe ez dagoela justifikatuz. Bi irizpide beteta izendatu ahalko da udalerri bat tentsio handiko eremu: bata, alokairuen prezioa %17 baino gehiago igo bada (KPI + hiru puntu); bestea, alokairuaren eta etxeko oinarrizko horniduren gastua (ura, argindarra, etxepeko gastuak...) etxeko diru sarreren %30 baino handiagoa bada. Bi irizpideetako bat betetzea nahikoa izango da tentsio handiko eremu bihurtzeko.

Udalerri bat tentsio handiko eremu izendatzerakoan, etxebizitzaren arloan eskumenak dituen sailak plan bat eta egutegi bat zehaztuko ditu. Izendapen horrek hiru urteko indarraldia aurreikusiko du; urtez urte luzatzeko aukera egongo da.

Foru proposamenaren alde egin dutenek txalotu egin dute hura onartu izana. Zurekin taldeko bozeramaile Daniel Lopezek, esaterako, nabarmendu du tentsio handiko eremuen izendapenaren helburua dela «eremu horietan prezioak arintzea». Are, prezioak mugatzeaz gain, «etxebizitza lortzea errazteko neurri multzo bat» egingo dute. Izan ere, azpimarratu du tresna guztiak beharrezkoak direla etxebizitzaren merkatuaren egoera zentzugabeari aurre egiteko.

«Tresna eraginkorra»

PSNko Kevin Lucerok, berriz, ohartarazi du etxebizitza eskuratzea «gero eta lan nekezagoa» dela, batez ere gazteentzat. Legea tresna eraginkorra izango dela erantsi du, «prezioak gehiengoaren irismenetik kanpo dauden eremuetan jarduteko». Etxebizitza eskubide bat dela gogoratu du alderdi sozialistako kideak.

Mikel Zabaleta EH Bilduko kidearen ustez, etxebizitzaren arazoaren erantzule nagusia kapitalismoa da. Jakinarazi du etxebizitzaren kostuak soldatak halako bi ari direla igotzen: «Hau jasanezina da; guk arazo bat ikusten dugun tokian, beste batzuek negozio bat ikusten dute». Maria Solana Geroa Baiko ordezkariak hausnartzeko deia egin du, «gaizki egin den edo egin ez den horretan» pentsatzeko. UPNri egotzi dio arazoaren «erantzunkide» izatea.

Kontra bozkatu dutenek, berriz, ez dute egoki ikusi prezioak mugatzea. UPNko Juan Luis Sanchez de Muniainen iritziz, proposamena «iruzur bat» da, ez dutelako talde parlamentarioek proposatu, gobernuak baizik. Nafarroako alderdi popularreko Maribel Garciak erantsi du prezioak mugatzearen erabakia «negargarria» dela, eta esan du lortuko den gauza bakarra eskaintza mugatzea eta pisu turistikoak areagotzea izango dela. Voxeko Emilio Jimenezek, berriz, adierazi du legearen egokitzapenak ondorio «kaltegarriak» izango dituela merkatuarentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.