Nafarroako Gobernuak tentsio handiko eremuak izendatzea erraztuko duen lege aldaketa bat bultzatu dute Nafarroako Parlamentuan. PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin-ek aurkeztutako foru legearen proposamena datozen asteetako osoko bilkura batean bozkatuko dute urgentziaz, eta, gehiengoak onartuz gero, Nafarroako Etxebizitza Legea egokituko dute.
Nafarroako Etxebizitza Legearen arabera, bi irizpide beteta izendatu ahalko da udalerri bat tentsio handiko eremu: bata, alokairuen prezioa %17 baino gehiago igo bada (KPI + hiru puntu); bestea, alokairuaren eta etxeko oinarrizko horniduren gastua (ura, argindarra, etxepeko gastuak...) etxeko diru sarreren %30 baino handiagoa bada. Lege aldaketarekin, bi irizpideetako bat betetzea nahikoa izango da tentsio handiko eremu bihurtzeko; horrela da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, esaterako.
Tentsio handiko eremuetan, bereziki, alokairuen prezioen igoera mugatzen dute. INE Espainiako Estatistika Institutuak oraindik ez du zehaztu zer neurritan mugatu ahalko diren igoerak datorren urtean, baina aurten tentsio handiko eremuetako jabeek %3 baino ezin dute igo alokairuaren prezioa. Datorren urteko indizeak KPIaren azpitik egon beharko du.
Atzo Nafarroako Parlamentuan egin zuten bozeramaileen batzordean adostu zuten foru legearen proposamen hori urgentziaz tramitatzea. Bilera amaitzean, PSNren talde parlamentarioko bozeramaile Ramon Alzorrizek nabarmendu zuen etxebizitza politika «lehentasun bat» dela Nafarroako Gobernuarentzat. Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentariak zehaztu zuenez, tentsio handiko eremuen asmoa zera da, etxeen eskaintzaren eta etxe batean bizitzeko beharraren arteko «oreka» bilatzea. UPNk eta PPk kritikatu egin zuten foru legearen proposamena urgentziaz tramitatu izana.
Hego Euskal Herrian alokairuen prezioa mugatu ahalko duen lehen udalerria Errenteria (Gipuzkoa) da. Eusko Jaurlaritzak urriaren 1ean izendatu zuen tentsio handiko eremu, eta datorren urtearen hasieran da Espainiako Gobernua erabaki hori berrestekoa.