Autogobernua

Nafarroako estatusaren eztabaida prozesu «zabalari» ekiteko prest da LAB

Sindikatu abertzaleak adierazpen bat aurkeztu du gaur Iruñean, eta bertan «behar-beharrezko» deritzo indar korrelazioa eraldatzea, egungo «sasiautogobernu eredua patronalaren eta eliteen neurrira» egina dagoelako.

Imanol Karrera eta Garbiñe Aranburu, gaur, foruen monumentu aurrean. IDOIA ZABALETA / FOKU
joxerra senar
2022ko maiatzaren 13a
13:37
Entzun

LABek bat egiten du Nafarroa XXI ekimenak Sarasate pasealekuan bihar 17:30erako antolatutako manifestazioarekin. Toki berean, Foruen monumentu aurrean, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Imanol Karrera Nafarroako koordinatzaileak azpimarratu dute estatusari buruzko «eztabaida prozesu luze eta zabalari» ekiteko garaia dela.

Biharko ekitaldiaren atarian, LABek adierazpen bat kaleratu du. Aurten, 40 urte bete ditu Foru Hobekuntzak, eta Karrerak gogora ekarri du lege organiko hura gizarteari bizkarra emanda eta gutxi batzuen artean osatu zela. «Eliteek bere eredu ekonomiko, politiko eta soziala erabakitzeko eztabaida eta ahalmena lapurtu zizkioten Nafarroako gizarteari».

Haren irudiko, esparru politiko guztiak «apustu ekonomikoak dira, eta Nafarroan ezarritakoa bertako patronalaren zutabe ekonomikoak sendotzen ditu, CCOO eta UGTren traizioarekin». 40 urtetan asko hitz eginda Foru Hobekuntzaz, baina Karrerak haren jatorria argi du: «Egiazki, Nafarroak ez zuen ezer erabaki. Nahi bezala aurkeztu ahal digute, baina esan behar da Espainiako Konstituzioaren menpeko autonomia estatutu bat dela».

Dena den, iraganera begira jarri bainoago egungo egoerari etorkizunari erreparatu nahi diola azpimarratu du Garbiñe Aranburuk. LABeko idazkari nagusiaren arabera, egungo autogobernua «ez da nahikoa, benetan burujabetza osorik ez badago». Sindikatuaren ustez, 40 urteotan kontrako posizioa hartu du Foru Hobekuntzak «muga handiak» dituelako, eta lan eta gizarte gaietan «eskumenik ez izateak esparru sozioekonomiko propioa eraikitzea edo lan harremanen marko propioa eraikitzea» galarazi duelako.

Aranbururen arabera, gai horiek «zentralak» dira herritarrei bizi baldintzak duintzeko. Aranbururen arabera, adierazpenaren helburua da etorkizunari begira jartzea. LABen ustez, «unea da Nafarroak burujabetza berreskura dezan», eta, horretarako, eztabaida sozialari ekiteko prest agertu da. Idazkari nagusiak aipatu du sindikatu subiranista batek ezin duela gai horretan beste aldera begiratu, eta LABek «ekarpen propioa» egingo du.

Adierazpenean sakonduz

LABeko bi ordezkarien hitzetan sakontzen du adierazpenak. Bertan, Foru Hobekuntzaren mugen balorazioa egiten da. Adibidez, zerga arloan eskumen handiak baditu ere, «ez du erabateko subiranotasunik zeharkako zergen eskumena estatuak duelako. Lan arloko legeria ere «estatuaren eskumenak dira», politika aktiboak izan ezik. Haatik, «azken horiek garrantzi mugatua dute». Pentsioekin edo langabeziaren diru sariekin gauza bera gertatzen dela ondorioztatu du LABek.

Egiturazko defizit horri, autogobernuaren aurkako beste hainbat ekintza eta saio gaineratu dizkio. «Transferentzien prozesua agortua dago, lan erreformak inposatzen dira, negoziazio kolektiboa estatalizatu da, Konstituzio Auzitegiak hainbat lege baliogabetu ditu, oinarrizko legedi bidez eskumenak urratzen dira, Espainiako 135. artikuluaren aldaketa...».

Horrez gain, gaitzetsi du Nafarroako Gobernuaren, CEN patronalaren eta CCOO eta UGT sindikatuen ekintza batasuna. LABen arabera, lauren arteko elkar ulertze horrek ez du lurraldeko beste ordezkaritza sindikala aintzat hartzen, nahiz eta CCOO eta UGTk egun %50etik beherako ordezkaritza izan. «Nafarroako sare ekonomikoaren eta langileen beharrei kasu egin gabe, bere interes politikoak lehenetsi dituzte oraingo estatu ereduari eta euren gizarte eta lan harremanen esparruari eusteko. Nahiz eta azken urteetan egitura hori «neurri batean» desmuntatu den, hainbat esparrutan zutik dagoela uste dute.

Horren inguruan, LABek uste du egungo indar korrelazioa aldatu behar dela, eta kontzientziak eraldatu. «Hauteskunde sindikalen emaitzek erakusten dute gero eta langile gehiago Hobekuntzaren eredu politiko eta sozioekonomikoa gainditzearen alde egiten dutela».

Sindikatuak proposatzen du eztabaida prozesu «zabal eta mugarik gabeari» ekitea Nafarroako eredu sozial, ekonomiko eta instituzionalari buruz eta «Espainiako Estatuaren eta euskal lurraldeekin» Nafarroak izan beharreko harremanei buruz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.