Nafarroako D ereduko ikastetxeek berretsi dute ez dutela baliabide eta baldintza egokirik 2 urteko haurrak hartzeko

Barañaingo Alaitz eta Antsoaingo Ezkaba ikastetxeetako ordezkariek agerraldia egin dute Nafarroako Parlamentuan. Hezkuntza Departamentuaren jokabide «itxia» eta «informaziorik eza» salatu dituzte.

Haurtxo bat haur eskola batean, hezitzaileetako bati eskua emanda. JON URBE / FOKU
Haurtxo bat haur eskola batean, hezitzaileetako bati eskua emanda. JON URBE / FOKU
Ion Orzaiz.
2025eko martxoaren 21a
10:15
Entzun 00:00:0000:00:00

NIZE Nafarroako D ereduko Ikastetxeetako Zuzendarien Elkarteak agerraldia egin du gaur Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza batzordean, Barañaingo Alaitz eta Antsoaingo Ezkaba ikastetxeetan ezarri dituzten 2 urteko ikasgelen harira. Ikastetxeotako zuzendariek azaldu dute haur txikientzako gelak zabaltzea «erronka handia» dela eskolentzat, eta horrek «kudeaketa eta antolaketa arazoak» eragin dizkiela.

Barañaingo eta Antsoaingo D ereduko ikastetxeetan ez ezik, Hezkuntza Departamentuak Arroizko eskolan eta Iruñeko Iturrama eta Doña Mayor ikastetxe publikoetan ezarri zituen 2 urteko haurrentzako gelak iaz, eta hori egiteko modua kritikatu dute NIZEko kideek: «2024ko martxoan jakinarazi zuten proiektu pilotua ezarriko zutela, eta ordurako, gaia hedabideetan zegoen jada. Informazioa eskatu genuen behin baino gehiagotan, baina departamentuak ez zigun ezer esaten». Urtebeteren ostean lortu zuten Hezkuntzako zuzendari nagusiarekin batzartzea, 2025eko otsailaren 7an: «Esan zigun erabakia ez zela behin betikoa; gaia aztertzen ari zirela eta ebaluazioaren zain zeudela». Ordurako, 2 urteko ikasgelen kontra mobilizatzen hasiak ziren Alaitz eta Ezkaba ikastetxeetako hezkuntza komunitateak, eta eredu horren aurkako mozio bana onartu zuten Barañaingo eta Antsoaingo udalek.

Carlos Gimenoren departamentuak, baina, erabakia berretsi zuen: iragarri zuen proiektu pilotuaren ebaluazioa eta familien balorazioa «ezinago positiboa» zela, eta segida emanen ziela 2 urteko ikasgelei. «Egunkarien bidez izan genuen erabakiaren berri, gobernuak ez baitzigun ezer jakinarazi», esan dute NIZEko ordezkariek.

2 urtekoen ikasgelen arazoak

D ereduko zuzendarien elkarteak parlamentuan azaldu duenez, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak ez daude behar bezala prestatuta 2 urtekoentzako gelak hartzeko: «Zentroak ez daude egokituta 0-3 ziklorako. Toki komunen erabilera oztopatzen du, haur txikien harreman sozialak mugatzen ditu, eta kolokan jartzen du ikastetxeen kalitatea», esplikatu dute. Are: haur hezkuntzako lehen ziklorako «proiektu pedagogikorik ez» dagoela salatu dute zuzendariek. «Harritzen gaitu informaziorik eta lankidetzarik ezak. Ez dugu ulertzen zergatik ez duten ikastetxeen zuzendaritzekin batera egin horren garrantzitsua den proiektu bat».

Horregatik, erabakia «birpentsatzea» galdegin diote Hezkuntza Departamentuari, eta elkarlanerako deia berretsi: «Gu prest gaude elkarrekin lan egiteko, eta aztertzeko ea nola ezar ditzakegun 2 urtekoen ikasgelak, baina era egokian eta kalitatea bermatuz».

NIZE ez da 2 urtekoen ikasgelen ezarpena arbuiatu duen eragile bakarra. Aurretik, hezkuntzako sindikatuek eta 0-3 Plataformak ere gogor kritikatu zuten proiektu pilotua ezartzeko era. Aste honetan, adibidez, Burlatako hezkuntza komunitateak manifestazioa egin zuen Iruñean, salatzeko gobernuak 0-12 eredua ezarri nahi duela Hilarion Eslava ikastetxe publikoan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.