Urtetik urtera, indarkeria matxistaren kasu gehiago salatzen dira Nafarroan. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko buru Joaquin Galvek esan du aurtengo lehen hamar hilabeteetan 3.300 bat salaketa jaso dituztela herrialdeko auzitegiek —herritarrek aurkeztutako salaketak eta Poliziak edo epaileek ofizioz abiatutako prozesuak zenbatuta—, iaz urte osoan erregistratutakoak adina, gutxi gorabehera. 2024. urtea bukatzerako mila gehiago izanen direla uste du Galvek. %25eko hazkundea, alegia. Hala ere, Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendari Patricia Abaden ustez, salaketen goranzkoak ez du erakusten indarkeria matxista areagotu denik, baizik eta arazo sakonago bat dagoela: «Indarkeria matxista ez dago behar bezala detektatuta, kasu asko ez direlako azaleratzen; hortaz, ezinezkoa da jakitea norainokoa den arazoa». Abaden irudiko, gero eta salaketa gehiago daude gaur egun «emakumeek konfiantza handiagoa dutelako beren egoera salatzeko». Oraindik itzalpean dauden indarkeria kasu horiek argitara ateratzea: horra Nafarroako Gobernuaren erronka datozen urteetarako.
Helburu horrekin, Maria Txibite lehendakariak iragarri du «berritu eta hobetu» eginen dutela Emakumeen Aurkako Indarkeriari Aurre Egiteko Erakunde Arteko Akordioa, indarkeria matxistaren esparruan lanean diharduten erakundeen arteko koordinazioa eta biktimei eskaintzen zaien arreta hobetze aldera. Nafarroako Gobernuaz gain, Nafarroako Berdintasun Institutuak, Iruñeko Udalak, Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak eta Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioak parte hartzen dute, besteak beste. 2017. urtean sinatu zuten ituna estreinakoz, eta atzo III. kongresua egin zuten sinatzaileek, Nafarroako Jauregian.
«Indarkeria matxistaren adierazpen guztiak desagerraraztea lehen mailako lehentasun politikoa da Nafarroako Gobernuarentzat», esan zuen Txibitek, bilera osteko hitzaldian. «Bi hamarkada baino gehiagoko lanaren ondoren, gaur erakunde guztiok konpromisoa hartu dugu berriro ere emakumeen aurkako indarkeriaren arreta eta prebentzioa koordinatzen dituen akordioa berritzeko eta hobetzeko».
Lehendakariak «babesa» eskaini die indarkeria matxistaren biktima izandako emakumeei: «Emakume horiek eta haien familiak artatu eta lagundu behar ditugu, sistemak arazo oso larri baten aurrean izan behar duen indar guztiarekin». Indarkeria matxistaren «egiturazko» izaera hausteko beharraz mintzatu zen Txibite, «gizartea ez baita bidezkoa izanen berdintasuna benetakoa eta eraginkorra ez den bitartean».
Baliabide gehiago, begirada zorrozteko
Txibiteren esanetan, emakumeek argi izan behar dute baliabideak badirela: «Ez daitezela bakarrik sentitu halako egoeretan; eska dezatela behar dutena». Hain zuzen, baliabide berri horietako batzuez solastatu zen Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendaria. Azpimarra egin zuen iaz Iruñeko Arrosadia auzoan zabaldutako 24 orduko zentro berrian. Sexu indarkeria pairatu duten emakumeei arta psikologikoa, juridikoa eta soziala eskaintzen die, eta baita larrialdi egoeretarako behin-behineko babesleku bat ere. Etxebizitzaren esparruan, indarkeria matxistaren biktimei alokairu babestuak lortzeko laguntzak ere nabarmendu zituzten: iaz, gobernuak 427 eskaera jaso zituen etxebizitza babestuen erroldan biktima gisa erregistratzeko edo akreditazioa berritzeko. Horietatik, 396 onartu zituzten. «Gainerakoak ukatu ziren eskatzaileek atzera egin zutelako edo ez zituztelako baldintzak betetzen».
Osasunbidean abian jarritako protokolo berria ere nabarmendu zuen Abadek. Haren esanetan, azken bost hilabeteetan, indarkeria matxistaren 386 kasu atzeman eta identifikatu ahal izan dituzte Nafarroako osasun zentroetan, profesionalen formakuntzan eta galdeketa zorrotzagoetan oinarritutako protokolo berri horri esker.
Udalerri eta kontzejuen federazioko presidente Xabier Alkuazek ere hitza hartu zuen kongresuan, nabarmentzeko indarkeria matxistarena dela herrietako «arazo nagusietako bat», eta «mugimendu feministarekin elkarlanean» segituko dutela, «elkarrekin bidea egiten».