Nafarroako Berdintasunerako Institutuak doako aholkularitza juridikoa eskaini die bostehun etxeko langileri baino gehiagori

Nafarroako Gobernuak hiru urte daramatza zerbitzu hori ematen, «lan eskubideen defentsan eta duintasunean aurrera egiteko».

Etxeko langile bat arropa zabaltzen, artxiboko irudi batean. DANI CABALLO / EFE
Etxeko langile bat arropa zabaltzen, artxiboko irudi batean. DANI CABALLO / EFE
Ion Orzaiz.
2025eko apirilaren 22a
11:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak doako aholkularitza eskaintzen die etxeko langileei, lan esparruan eta esparru juridikoan izan ditzaketen zalantzak argitzeko. Sektorea erabat feminizatua eta prekarizatua dagoela adierazi du institutuak, eta aholkularitza zerbitzuaren helburua da emakume horiei informazioa eta argibideak ematea, lan baldintzak «hobetu eta duintzeko».

Duela hiru urte abiarazi zuten zerbitzua, 2022ko apirilean, eta ordutik, bostehun pertsona baino gehiago artatu dituzte, eta seiehun auzi kudeatu. Nafarroako Berdintasunerako Institutuan jaso dituzten kontsulta gehienek lotura dute soldatarekin, nominekin, lanaldiarekin, oporrekin, kalte ordainekin, kaleratzeekin, kontratu eteteekin, kotizazioekin, gaixoaldiekin eta amatasunarekin, besteak beste.

«Etxeko langileak dira gaur egungo zaintza sistemaren zutabeetako bat», azaldu du berdintasun institutuak ohar batean: «Sektorea erabat feminizatua dago, eta lan prekaritateak zeharkatzen du». Hain zuzen, Nafarroako Gobernuak ikerlan bat egin zuen 2020an, aztertzeko etxeko langileen egoera zertan zen. Etxeko langileak Nafarroan: lan baldintzen eta erregularizazio prozesuaren analisia izeneko txostenean jaso zuten etxeko langileen lan esparrua «prekarioa eta ikusezina» dela, feminizazio maila %90etik gorakoa dela eta langileen multzo handi bat —%40tik gorakoa— atzerrian jaiotakoa dela.

Azken datuen arabera, 2024. urtean 6.703 pertsona afiliatu ziren gizarte segurantzako Etxeko Lanerako Sistema Berezian, eta horietatik %97 emakumeak izan ziren.

273 esku hartze iaz

Gaztelan fundazioak kudeatzen du etxeko langileentzako aholkularitza zerbitzua. Astelehen arratsaldeetan egiten dituzte kontsultak, 16:00etatik 19:00etara, aurrez aurre —aurretik ordua eskatuta—, 948-13 60 20 telefono zenbakian edo recepcion@gaztelan.org helbide elektronikoan.

Iaz, 273 esku hartze egin zituen zerbitzuak, aurreko urtean baino %50 gehiago. Kontsulta gehienak aurrez aurrekoak izan ziren (166). Kasuen %93tan, etxeko langileek beraiek jo zuten zerbitzura informazio eske, eta gainerakoetan, lana eskaintzen zutenek eta profesionalek.

Adinari dagokionez, zerbitzua erabili dutenen erdiak 40 eta 60 urte artekoen adin tartean daude. 60 urtetik gorakoak dira multzo handienetan bigarrena. Erabiltzaileen sorterriari dagokionez, berriz, kontsulta gehien egin dituztenak Latinoamerikan sortuak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.