Iruñeko talde bortxaketako bi partaideri kartzela zigorra laburtu die Nafarroako Auzitegiak, hamabost urtetik hamalaura, Sexu Askatasuna Erabat Bermatzeko Lege Organikoan, hau da, soilik baietz da baietz deituriko legean oinarrituta. Epaitegiak ohar bidez adierazi duenez, iazko uztailean bost zigortuetako beste bati ere laburtu zioten zigorra argudio berak erabilita eta, ondorioz, jurisprudentzia ezarri zen.
Angel Bozak eskatu zuen aurrena zigorra laburtzeko, eta Nafarroako Auzitegiak arrazoia eman zion, argudiatuta 10/2022 lege organikoa aldatu zenean zigorrik apalena urtebete eta hiru hilabete laburtu zela, eta hamahiru urtekoa bihurtu. Ez zegoenez alde handirik Espainiako Auzitegi Gorenak talde bortxaketako bost partaideei ezarritako zigorraren eta gutxienekoaren artean, eta hamabost urteko espetxealdia lege berriak ezarritakoa baino bi urte luzeago zenez, Auzitegi Nagusiko Arlo Zibileko eta Zigor Arloko Salak hamabostetik hamalaura jaitsi zuen espetxealdia, aurkako boto partikular bakarra bilduta.
Jose Angel Prendak eta Jesus Escuderok bide bera hartu zuten. Hilabete hasieran eskatu zuten euren zigorra berriz aztertzeko, eta gaur jaso dute aldeko ebazpena.
Helegiteak jartzeko aukera dago. Bozari dagokionez, hala akusazio partikularrak nola Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak erabakiaren aurka egin zuten: biktimaren abokatuak eskatu zuen atzera egiteko, «gertaeren larritasunagatik», baina Gorenak erantzun zion ezin zela desberdintasunik egin kasu horren eta aztertu diren beste batzuen artean, «bereziki mediatikoa izan arren». «Behin eta berriz adierazi da lege horrek ezartzen dituen zigorrak aurreko erregulazioa baino onuragarriagoak direla».
Aldaketak
Behin baino gehiagotan aldatu diete kartzela zigorra erasotzaileei. Lehen ebazpenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak sexu abusuagatik zigortu zituen, eta ez sexu eraso jarraituagatik. Ebazpenak, baina, gizartea asaldatu zuen, eta ezinegon hori Soilik baietz da baietz legearen ernamuina izan zen. Errekurtsoak tarteko, hamabost urteko kartzela zigorra ezarri zieten gerora, «bortxaketa delitu jarraitua» egiteagatik, astungarritzat hartuta «tratu iraingarria» ematea eta «taldeko erasoa» izatea. Auzitegi Gorenak aho batez erabaki zuen «benetako larderiazko agertoki bat» egon zela, eta biktimak ez zituela inoiz onetsi «akusatuek egindako sexu ekintzak».