2022ko sanferminen azken egunean, liskar bat piztu zen zezen plazaren kanpoaldean. Mutilzarra peña eskuindar eta kontserbadoreak salatu zuen zenbait peñakide hondarretara jatsi zirela zezenketaren ostean, eta hortik kalera ateratzean «irainak eta heriotza mehatxuak» jaso zituztela, eta «izotz koskorrak jaurti» zizkietela, «Nafarroako armarria zeraman pankarta bat zabaltzeagatik». Peñako presidenteak salatu zuen, gainera, beste pertsona batek «ukabilkada bat» eman ziola, eta horrek «buruko mina eta zorabioa» eragin zizkiola. Bost pertsona atxilotu zituen Espainiako Poliziak, gorroto delitua egotzita. «Jazarpen ideologikoaren» kontakizuna nagusitu zen, eta Navarra Sumak EH Bilduri egotzi zion gertatutakoaren ardura, ustezko erasotzaileak «ezker abertzalekoak» eta «muturreko erradikalak» zirela argudiatuta. Orain, Nafarroako Probintzia Auzitegiak bertan behera utzi du bertsio hori: ez du antzeman gorroto deliturik 2022ko sanferminetako istiluetan, eta akusatuetako hiruri 360 euroko isun bana ezarri die: biren kasuan, mehatxu delitu arin batengatik; eta, beste bati dagokionez, Mutilzarrako presidenteari «zaplazteko bat» emateagatik.
Maiatzaren 6an, 7an eta 9an epaitu zituzten bost akusatuak: istiluak gertatu zirenetik ia bi urtera, alegia. Fiskaltzak bi urte arteko kartzelaldia eskatua zuen, Mutilzarra peñak eginiko kontakizunarekin erabat lerratuta. Biek ala biek esan zuten bost akusatuek «biktimen oinarrizko eskubideak eta libertate publikoa urratu» zituztela, eta «osotasun moralaren aurkako delitu bat» ere egotzi zien, gorroto delituarekin batera. Nafarroako Probintzia Auzitegiak, baina, ez du halakorik ikusi: gorroto delituari dagokionez, bost akusatuak absolbitu egin ditu, eta azaldu du, batetik, Mutilzarra peñako kideek eta haren aldekoek ez dutela osatzen «gizatalde babestu bat», eta, bestetik, akusazioan deskribatutako gertaerek ez dutela «entitate nahikorik» gorroto delitu gisa sailkatuak izateko.
Mutilzarraren bertsioa, zalantzan
Epaiketan, akusatuek azaldu zuten Iruñeko Peñen Federazioko kideek ohituratzat daukatela sanferminetako azken egunean denak elkarrekin zezen plazako hondarretara jaistea eta hor elkarrekin abestea, pankartarik gabe. Bertsio horren arabera, federaziotik at dagoen Mutilzarra peña «protagonismoa bereganatzen» saiatu zen, bere pankarta plazaren erdian hedatuta, eta orduantxe hasi zen liskarra. Edonola ere, akusatuek ukatu egin zuten Mutilzarrakoei «faxista», «frankista» eta «kunetero» deitu izana, baita heriotza mehatxuak egin izana ere.
Alde guztien bertsioak eta lekukoen testigantzak entzunda, magistratuek frogatutzat jo dute auzipetuetako bik mehatxatu egin zituztela Mutilzarrako kideak. Zehazki, epaian irakur daitekeenez, honakoa esan zuten: «Muturra hautsiko dizuet, lehertu egingo zaituztet, faxista eta matxista zikinak!». Hala ere, magistratuek ez dute uste jokabide hori orokorra izan zenik, eta zalantzan jarri dute fiskaltzaren eta akusazioaren bertsioa: «Mutilzarra peñako kideak eta haren ingurukoak zezen plazatik atera ziren 21:21 eta 21:24 artean, inongo gorabeherarik gabe, jai giroan, beren txaranga propioarekin dantzan, pankarta hedatua zutela».
Mutilzarrakoek salatu zuten Iruñeko Peñen Federazioa osatzen duten peñen sektoretik heldu zirela irainak, eta, besteak beste, zera esan zietela: «Bilduk gobernatzen duenean ikusiko duzue, bizitza hondatuko dizuegu», «zoazte zuen herrira behingoz» eta «UPN kanpora». Nafarroako Probintzia Auzitegiak ez du frogatutzat jo hori, eta, bost pertsonari egotzitako delitu puntualez harago, ez du uste Iruñeko Peñen Federazioa osatzen duten elkarteen artean «hedatua» dagoenik «Nafarroako bandera ofizialaren eta ideologia jakin baten aurkako gorrotorik edo ezinikusirik».