Nafarroako Auzitegiak Compainsen tortura salaketa artxibatu du

Iruñeko Auzitegiaren epaia berretsi du Nafarroakoak, Sortuko kidearen salaketak frogabiderik ez duela argudiatuta. 2010ean atxilotu zuten

Eneko Compains hizketan, atzo, Haritz Romeo alboan zuela. IÑAKI PORTO / EFE.
jon olano
2018ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Nafarroako Auzitegiak ez du aintzat hartu Eneko Compains Sortuko Kontseilu Nazionaleko kidearen tortura salaketa, eta artxibatu egin du auzia. Compainsek Iruñeko Auzitegira jo zuen aurrena, 2010eko iraileko atxiloaldian torturatu zutela salatzeko, baina epaileek ez zuten kontuan hartu. Dei helegitea aurkeztu zuen Nafarroako Auzitegian, baina hark berretsi egin du Iruñekoaren epaia. Ez du helegiterik jarriko: «Ez dut pentsatzen energia gehiago xahutzea guztiz antzua den auzibide batean».

Prentsaren aurrera agertu zen atzo Compains, ebazpenaren berri eman eta haren inguruko balorazioa egiteko. «Lotsagarritzat» jo zuen erabakia. Izan ere, epaileek argudiatu dute tortura testigantza ez dagoela beste frogabide batekin berretsia. Horren aurrean, Compainsek gogorarazi zuen inkomunikazio aldian torturen berri eman ziola auzi medikuari, habeas corpus-a eskatu zuela eta epailearen aurrean berretsi zuela tortura salaketa. Fernando Grande-Marlaska zen instrukzio epailea, egungo Espainiako Barne ministroa.

Istanbulgo protokoloa egin zioten Compainsi, baina epaileek ez dute froga gisa aintzat hartu, Sortuko kidearen arabera protokolo hori «tortura testigantza baten egiazkotasuna finkatzeko dagoen elementu aurreratuena» bada ere. «Horrekin guztiarekin aski ez bada, zer gehiago egin nezake? Guardia zibilei nire gorputzean tortura aztarnak uzteko eskatu?», kexatu zen, eta ondorio bat nabarmendu zuen: «Berriz ere torturaren inpunitatearen arkitektura osoari berrespen judiziala eman zaio. Gaur egun Estrasburgok exijitutako formalitate batzuk betetzen badira ere, Espainiako botere judizialak ez du ikerketa eraginkorrik egin nahi tortura borrokatzeko». Are, uste du estrategia bati jarraitu zaiola: «Tortura onartu, bultzatu eta saritu, berriki egin diren kazetaritza ikerketa lan zenbaitek argi utzi duten bezala».

Compains 2010eko irailean atzeman zuen Guardia Zibilak, beste bederatzi lagunekin batera, Ekineko kide izatea egotzita. Atxilotuetako seik salatu zituzten torturak. Compainsen salaketa artxibatu egin zuen Iruñeko Epaitegiak, baina berriro deklarazioa hartzeko agindu zuen iaz Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, ikerketa «sakon eta eraginkorrik» egon ez zela arrazoituta. Hain justu, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako Estatua zigortu zuen 2015ean, Compains atxilotu zuten operazio berean atzemandako Jon Patxi Arratibelen tortura salaketak behar bezala ez ikertzeagatik. Arrazoi horregatik bederatzi aldiz zigortu du Estrasburgok Espainia.

Sorturentzat, «eskandalua»

Haritz Romeo Sortuko Nafarroako idazkariak, berriz, «eskandalu» gisa deskribatu du Compainsen salaketa artxibatu izana: «Berriz ere, dohainik atera zaie. Auzitegi Nazionalaren onespenarekin, Eneko eta haren kideak krudelki torturatuak izan ziren haien militantzia politikoa baieztatu eta konfesioak lapurtu nahian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.