Nafarroako Probintzia Auzitegiak berretsi du 'Davalor auziko' ikerketa judiziala epez kanpo luzatu zela

Akusazioek eta fiskaltzak ez dute erabakiari helegiterik jartzerik. Orain, Nafarroako Probintzia Auzitegiko Lehen Aretoak ebatzi beharko du auzia behin betiko ixten ote duen.

Nafarroako Auzitegian maiatzean egindako eskaera. JESUS DIGES / EFE
Nafarroako Auzitegian maiatzean egindako eskaera. JESUS DIGES / EFE
2024ko ekainaren 26a
09:30
Entzun

Nafarroako Probintzia Auzitegiko Bigarren Aretoak berretsi egin du Davalor auziko ikerketa judiziala epez kanpo luzatu zela, eta, ondorioz, indargabe utzi ditu 2022ko urtarrilaren 22tik aurrerako eginbideak. Hain zuzen, horixe bera adierazi zuen abenduan Iruñeko 2. Instrukzio Epaitegiak, argudio berdinak erabilita. UPNk jarri zuen salaketa, eta, ondorioz, auzia martxan jartzearekin, Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko kontseilari ohiak dimisioa eman zuen.

UPNk, PPk eta fiskaltzak maiatzean eskatu zioten auzitegiari auzia berriz irekitzeko. Haren esanetan, baina, akusazioek auzia ixtearen kontrako «argudio zehatz eta landuak» aurkeztu arren, ebatzi beharra dago Iruñeko 2. Instrukzio Epaitegiak 2022ko otsailaren 18an agindu zuen instrukzioaren luzapena «epez kanpo» ezarri zela, ordurako amaitua baitzegoen Prozedura Kriminaleko Legeak ezarritako urtebeteko epea: 2021eko urtarrilaren 21etik hasita. Hain zuzen, data hartan adostu zuen Espainiako Auzitegi Gorenak eginbideen hasiera.

Ebazpenaren arabera, epez kanpo leudeke, besteak beste, Manu Aierdik zein Sodena sozietate publikoan esertzen ziren beste goi kargudun publiko batzuk ikertu gisa deklaratzeko aginduak. Aierdiz gain, epaileak jada deitu zituen deklaratzera Pilar Irigoien Sodenako zuzendari ohia, Izaskun Goñi Garapen Ekonomikoko Departamentuko kabineteburua, Yolanda Blanco Industria zuzendaria eta Maitena Ezkutari Turismo zuzendaria. Denak bertan behera geratu ziren Iruñeko Epaitegiaren abenduko ebazpenaren ostean.

Akusazioek —UPN eta PP— eta fiskaltzak ez dute ebazpenari helegiterik jartzerik. Beraz, orain Auzitegiko Lehen Aretoak ebatzi beharko du auzia behin betiko ixten ote duen, haren ardura izango baitzitekeen hura epaitzea. Epaimahai hari azaldu beharko dizkiote akusazioek zein defentsak auziarekin jarraitzearen edo behin betiko ixtearen aldeko argudioak.

Hiru urteko ibilbidea

Davalor 2011. urtean sortu zen. Enpresa hark ikusmeneko hainbat parametro neurtzeko makina bat garatu zuen, eta, garapen horretarako bazkide bila ari zela, Sodenara jo zuen. Hala, kinka larrian zela, Sodenak enpresaren alde egin zuen 2015 eta 2017 bitartean. Davalorrek, baina, ez zuen lortu bideragarritasun plana aurrera ateratzea, eta ia 20 milioi euroko zorra zuen hartzekodunekin. Horien artean, Sodena zen nagusietako bat: 2,6 milioi euroko diru laguntza eman zion Davalorri.

UPNk salaketa bat jarri zuen, Sodenak bere protokoloak ongi bete ez zituelakoan, eta prebarikazioa egitea eta diru publikoa xahutzea leporatu zion, besteak beste, Aierdiri. Hura foruduna izanik, Auzitegi Gorenak zuen auzia ikertzeko eskumena, baina Iruñeko epaitegiaren esku geratu zen hark dimisioa eman ostean, 2021eko urtarrilean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.