Nafarroako Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Nafarroako Gobernuak txerri haztegi bat baztertzeko hartu zuen erabakia

Enpresa batek egin asmo zuen ustiategia, Lerinen. Gobernuak argudiatu zuen eraikuntza eta esplotazio faseek kalte egingo ziotela galzorian dauden estepako hegaztien habitatari.

TXERRI HAZTEGIA
Berlingo txerri haztegi bat, artxiboko irudi batean. MARKUS HEINE / EFE
inaut matauko rada
2024ko urriaren 28a
13:00
Entzun

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Nafarroako Gobernuaren ezezkoa berretsi du, eta alde batera utzi enpresa batek Lerinen egin asmo zuen txerri haztegiaren proiektua. Ezezkoa eman zuenean, foru gobernuak argudiatu zuen abeltegiak kalte egingo liekeela galtzeko arriskuan dauden estepako hegaztiei, eta, hain zuzen, auzitegiak ontzat jo ditu Nafarroako Gobernuko ingurumen teknikarien txostenak, eta, hala, gobernuaren erabakia babestu. Enpresak oraindik badu aukera ebazpen horri helegitea jartzeko.

Kalteak hiru kontugatik eragingo lituzke haztegiak, teknikariek txostenetan azaldu dutenez. Haztegia eraikitzea bera litzateke lehena, hegazti horien habitata suntsituko bailuke horrek. Bestalde, eraikuntza eta esplotazio fasean gizakien presentzia handia egongo litzateke inguru horretan, eta hango hegaztiak gizakiengandik ihes egiten dutenetakoak dira. Azkenik, haztegiko pentsuek animalia harrapakariak erakartzeko arriskua ere badago.

2021eko ekainaren 21ean erregistratu zuen enpresak haztegi hori egiteko proiektua, eta 7.200 txerri jartzeko asmoa zuen. Nafarroako Gobernuko Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak 2022ko ekainaren 3an erantzun zion enpresari, proiektuak ingurumenari kalte egingo liokeela zioen txosten bat plazaratuta. Enpresak errekurtsoa aurkeztu zuen, baina Ingurumeneko eta Landa Garapeneko kontseilariak ez zuen ontzat hartu; enpresak horrexegatik jo zuen auzitara.

2022an estepako hegaztiak babesteko eta espezieak leheneratzeko dekretu proiektu bat onartu zuen Nafarroako Gobernuak, baina 2022ko urriaren 11n bertan behera utzi zuen Itziar Gomez orduko Ingurumeneko eta Landa Garapeneko kontseilariak, hainbat herri eta kontzejutan aurka agertu zirelako. Hori egin ostean, azaldu zuen foru gobernuak azkarregi jokatu zuela, eta dekretu proiektu bat egiteko prozesu parte hartzaile bati ekingo ziola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.