Nafarroako Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Muga meatokia ustiatzeko hiru baimenetako bat

Epailearen arabera, proiektuaren adjudikazioa ez da legezkoa izan, Nafarroako, Aragoiko eta Espainiako gobernuen esku gelditu baita.

Muga meatokiaren plano bat. BERRIA
Muga meatokiaren plano bat. BERRIA
inaki rubio
2024ko urriaren 22a
15:00
Entzun

Nafarroako Gobernuaren eta Geoalcali enpresaren aurkako hirugarren helegitea jarri dute Ekologistak Martxan eta Sustrai Erakuntza taldeek, eta Mina Muga proiektuak ingurumenean izan dezakeen kaltearengatik meatokia ustiatzeko baimenak bertan behera uzteko eskatu. Potasa Meategiei Ez elkarteak ohar batean jakinarazi duenez, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak onartu egin du helegitea, eta bertan behera utzi du Nafarroako Industria Departamentuak Muga potasa meategia ustiatzeko eskaturiko baimena.

Epailearen arabera, proiektuaren esleipena ez da legezkoa izan, bateratua izan beharko lukeen proiektua hiru administrazioren esku gelditu baita; Nafarroako, Aragoiko eta Espainiako gobernuen esku, alegia. Epailearen arabera, Geoalcaliren eta hiru administrazioen artean «zatitu» egin da proiektua, eta erantsi du esleipena erabakitzeko zatiketa hori baliatu dutela erakunde horiek. «Proiektu bakarra da, bi erkidego hartzen baditu ere; beraz, prozedurak eta tramitazioak ere bateratua izan behar du, baita ingurumena ebaluatzeko irizpideek ere».

Kalteak ingurumenean

Mina Muga proiektuak ingurumenean izan zezakeen eragina aztertu zuen Geoalcali enpresak adierazpen batean, baina epaiak ondorioztatu du garrantzi handia duten hainbat auzi kanpoan utzi dituela, hala nola lurra mugitzeko lanen arrisku geologikoa eta langileen segurtasunaren bermea. Epaiaren arabera, zaila da alderdi horiek hiru administrazioek aldi berean bideratu eta balioztatzea.

Proiektuaren aurka azaldu diren elkarteek, halaber, salatu dute ez dutela modurik izan jakiteko zer neurri hartu dituen ustez Geoalcali enpresak meategiaren eragina murrizteko. Izan ere, jarduera horiek askotariko arazoak ekarriko dituztela azaldu dute: «Zorua hondoratzea, lurrikarak, uren kutsatzea eta garraio lanetan ariko diren 500 kamioien kutsadura».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.