Amaitu berri den ikasturtean, Nafarroako Gobernuak bertan behera utzi zuen Miravalles-El Redin eskola erlijiosoaren Batxilergoko hezkuntza ituna, LOMLOE legeari men eginez, ikasleak sexuaren arabera bereizteagatik. Ekainaren hondarrean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen hitzarmen horri eutsi behar zitzaiola behin-behinean, ikastetxeari «konpondu ezinezko» kalterik ez eragiteko. Erabaki haren aurkako helegitea aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, eta hari erantzun dio orain auzitegiak, eta ebatzi itunari eutsi behar zaiola behin-behinean.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietako salak argudiatu duenez, erabakiaren bitartez bermatu egiten du «interes publiko eta pribatua modu proportzionatu batean» gauzatzea; izan ere, eskolako guraso elkarteei esan zien berme finantzario bat aurkeztu behar zutela, «hezkuntza itunak berekin dakarren laguntza publikoa adinako diru kopurua bermatzeko».
Auzitegiaren iritziz, Nafarroako Gobernuak bere alegazioetan argudioak «nahastu» egiten ditu, auziaren oinarrian ez daudelako eskubide konstituzionalekin lotutako auziak, «oinarrizko legediarekin» lotutakoak baizik. Hau da, argudiatu duenez, auziaren oinarrian ez dago sexuaren arabera bereizten duten ikastetxeei finantzaketa etetea konstituzioaren araberakoa den ala ez erabakitzea. Auziaren funtsean, dio auzitegiak, «irregulartasun administratiboak» daude, bai eta ikasleen eskubideak bermatzen diren ala ez ebaztea ere. Hala, Auzitegi Nagusiko epaileek uste dute ituna eteteak «konponezinezko kalteak» eragingo lizkiokeela Opus Deiren eskolari, eta hori konpontzea edo atzera egitea «zaila edo ezinezkoa» izango litzatekeela.
Hezkuntza
Nafarroako Auzitegi Nagusiak berretsi du Miravalles-El Redin eskolaren itunari eutsi behar zaiola
Nafarroako Gobernuaren errekurtsoa atzera bota du, eta berretsi du behin-behinean eteten duela Opus Deiren eskola segregatzaileari ituna bertan behera uzteko prozesua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu