Foru Hobekuntzak aurten 40 urte bete ditu, eta, LABen irudiko, «agortuta» dago egungo autogobernua, «patronalaren eta eliteen neurrira egina baita eta aitortutako eskumenek mugak baitituzte». Urteurrenaren harira, sindikatu abertzaleak adierazpen bat kaleratu zuen atzo, eta etorkizunera begira eztabaida «zabal eta mugarik gabekoa» hastea proposatu zuen. Garbiñe Aranburu idazkari nagusiaren aburuz,herritarren erabakitzeko eskumenak izan beharko luke «muga bakarra».
Gaur, hain zuzen, Nafarroa XXI herri ekimenak eztabaida baten beharra aldarrikatuko du Sarasate pasealekuan, 17:30ean egingo duen mobilizazioan. Atzo, toki berean, foruen monumentu aurrean, LABek deialdiarekin bat egin zuen. Bertan, Imanol Karrera Nafarroako koordinatzaileak gogora ekarri zuen Foru Hobekuntza osatu zeneko prozesua «gutxi batzuen artean» egin zutela eta herritarrei galdeketarik egin gabe burutu zela. «Egiazki, Nafarroak ez zuen ezer erabaki. Nahi bezala aurkeztu ahal digute, baina esan behar da Espainiako Konstituzioaren menpeko autonomia estatutu bat dela», esan zuen Karrerak. Eta gaineratu: «Eliteek bere eredu ekonomiko, politiko eta soziala erabakitzeko eztabaida eta ahalmena lapurtu zizkioten Nafarroako gizarteari».
Iraganera begira jarri bainoago, egungo egoerari eta etorkizunari erreparatu nahi izan zion Garbiñe Aranburuk. LABeko idazkari nagusiaren arabera, egungo autogobernua «ez da nahikoa, benetan burujabetza osorik ez badago». Sindikatuaren ustez, 40 urteotanForu Hobekuntzak «muga handiak» dituela erakutsi du. Batik bat, lan eta gizarte gaietan eskumenik ez izateak «galarazi» egin du «esparru sozioekonomiko propioa edo lan harremanen esparru propioa eraikitzea».
LABen ustez, gai horiek zentralak dira herritarren bizi baldintzei duintasuna emateko. Horregatik uste du abagunea iritsi dela «Nafarroak burujabetza berreskura dezan». Aranbururen arabera, sindikatu subiranista batek ezin du beste aldera begiratu,eta LABek «ekarpen propioa» egingo du.
Nafarroako autogobernua «agortuta», eztabaidari ekin nahi dio LABek
Garbiñe Aranbururen arabera, «muga bakarra» herritarren erabaki ahalmenak izan beharko luke. Gaurko mobilizazioarekin bat egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu