Nafarroako aurrekontuen hieroglifikoa

Aurrekontuen eta zerga neurrien eztabaidak hipotesi anitzeko jokaleku interesgarri bezain zaila ireki du

joxerra senar
Iruñea
2012ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
«Egoera polita eta interesgarria da, baina ez da batere argia». Halaxe deskribatzen du egoera Nafarroa Bai alderdiko Txentxo Jimenezek. Izan ere, 2013ko aurrekontuen eztabaida hasi besterik ez da egin Nafarroako Parlamentuan, eta ziurtasunik gabeko egoera politikoa ireki da. Aurkeztuko eta onartuko al du PSNk osoko zuzenketa? Aurreratuko al ditu UPNk bozak? Oposizioak zentsura mozioa aurkezteko al du? Hieroglifiko horretaz hitz egin du BERRIA-k Bilduko Maiorga Ramirez, ezker abertzaleko Txelui Moreno, Geroa Baiko Manu Aierdi eta NaBaiko Txentxo Jimenez ordezkariekin.

Hamar urtean lehen aldiz aurrez hitzartu gabeko aurrekontuak aurkeztu ditu Gobernuak, eta «edozer gerta daiteke», Jimenezen arabera. Edozer gertatzen dela ere, PSNk du giltza. PSNk dio goiz dela ezer aurreratzeko. Haren esanetan, UPNk lehentasunezko solaskide izateari utzi dio,eta alderdi guztiekin hitz egiteko prest dago. Eta aurrekontuak «PSNren antitesia» dira, eta osoko zuzenketa onartu edo ez hilaren 17an erabakiko du alderdiko Lurralde Batzordeak.

PSNren kontraesan egoera

Maiorga Ramirezen ustez, jarrera hori «taktizismo hutsa» da, PSNk zalantzak dituelako. «PSN norabide bila dabil. Horregatik, ezin da aurreratu zer egingo duen». Haren ustez, etorkizunera begira, denbora behar du «gogoeta estrategiko eta ideologikoa egiteko», eta bitartean, «kontraesanez betetako» egoera du aurrean.

Ñabardurak ñabardura, lau politikariak ados daude diagnostikoan: PSNri ez zaio bozak aurreratzea komeni. «Nola edo hala nahi du bere posizio berria defenditu, eta, era berean, gobernuari eutsi», dio Manu Aierdik.

«PSN oso ahul dago, egoerak min egin dio, eta denbora behar du egokitzeko. Ezin du egun batetik bestera zuritik beltzera pasatu», azaldu du Txelui Morenok. PSNk bere diskurtsoan bazterketa politikoaren aurkako diskurtsoa egitea azpimarragarritzat jo arren, beste hainbat gai garrantzitsutan ez da gai UPNri aurre egiteko. Lotuta dauka oraindik».

Aierdiren ustez, PSNrentzat «errazena» osoko zuzenketa babestea da. «Eurei esker, aurrekontua atzera botatzea lortu dutela esan dezakete». Morenori ere logikoena hori iruditzen zaio, besteak beste, bere oinarri sozialak ere hori eskatzen diolako.

Aurrekariak ikusita, tentu handiz ikusten dute joko eremua denek. Txentxo Jimenezek ohartarazi du osoko zuzenketak aurkezteko epea hilaren 22an amaitzen dela, eta zuzenketa partzialak aurkeztekoa, berriz, biharamunean. Hau da, azkenean PSNk osoko zuzenketarik aurkeztuko ez balu, oposizioko alderdiek egun bat lukete zatikakoak aurkezteko. «Ezinezkoa». Hori ikusita, epe hori luzatzea eskatu du NaBaik, eta etzi erabakiko da Eledunen Batzordean. Epe hori ez balitz luzatuko, zatikako zuzenketak lantzen hasiko da NaBai. Bada ezpada ere.

Eta zer gertatuko litzateke aurrekontuak atzera botako balira? «Gobernuarentzat kolpe politiko latza litzateke, eta oposizioan benetako pauso garrantzitsua emango genuke», dio Ramirezek.

Aierdiren irudiko, porrot bat izango da UPNrentzat, bai, baina «praktikan ez da hainbesteko porrota». Haren ustez, 2012ko aurrekontuetan ezarritako gastuaren sabaiak tarte handia ematen dio UPNri gero nahierara kudeatzeko finantza publikoak.

Egoera labainkorra izan daiteke oposizioarentzat. Izan ere, aurrekontuekin batera, paraleloan, zerga erreforma eztabaidatuko da lantalde batean. Ezkerrak, Bilduk, NaBaik eta Geroa Baik erreforma sakonago bat proposatu dute, eta PSNk leunago bat. Hots, eztabaidan oposizioaren eta UPNren artean kokatu da. Jimenez ez da batere fio: «PSNk eta UPNk zerga neurrietan posizioak hurbildu dituzte, eta, agian, adostu». Bere ustez, PSNren proposamena UPNrengandik «hurbil» dago eta «UPNrentzat oso merke izan daiteke, PSNrekin adostu duela irudikatu dezakeelako».

Irtenbide horrekin PSNk denbora irabaztea lortuko luke: «Aurrekontuak atzera botata UPNren aurka dagoen irudia ematen du, baina gero zerga erreforman denbora irabazten du. Eta hori behar du. Alderdi barruan, logikoena litzateke bozetara deitzea, baina hain dago ahul denbora behar duela», dio Morenok.

Aurrekontuak eta zergak paraleloan eztabaidatzeak dudak eragiten dizkio Aierdiri. Zerga erreformatik datorren diru gehigarria «noiz eta nola» gastatu gobernuaren eskuetan gera daiteke, baldin eta aurrekontuak atzera botatzen badira. Urtarrilaren 1erako ez dago denborarik beste kontu batzuk lantzeko, 2012koak luza daitezkeelako. «Ez UPN ez PSN ez daude deseroso».

Hauteskundeen aurrerapena?

Ezin da ukatu, ordea, UPNrentzat egoera zaila dela. Hauteskundeak aurreratu al ditzake, baina? Morenok uste du ezetz: «UPN kalkuluak egiten ari da, eta zenbakiak bat baletorzkio bozak aurreratuko lituzke. Arazoa da zenbakiek ez datozela. Higadura jasaten ari da, eta militanteak ere hainbat kritika egiten ari zaizkio Barcinari. UPNren barruan lidergo arazo larriak ditu, alderdi barruan bi talde daudelako aurrez aurre: bata kontra, eta bestea, leialagoa, gobernuaren ingurukoa».

Zaila izanagatik, Jimenezek argi du oposizioak zer bilatu behar duen: «Guri interesatzen zaigu Barcinak deitzea bozetara. Koste politiko handia duelako eta UPNk prezio hori ordaindu behar duelako. Alternatiba bideragarri egiteko, haren ezgaitasuna nabarmen geratu behar da». Aldiz, arriskutsutzat jotzen du zentsura mozioaren aukera, UPN «biktima gisa» ager daitekeelako eta PSN zein Roberto Jimenez «Nafarroako politikaren erdigunean» kokatuko liratekeelako. Funtsezkotzat jotzen du gobernu alternatiboa osatzeko gai izatea, baina bere denbora behar du. «Zentsura mozio bidez bozetara deitzeko eta gobernua osatzeko gai ez bagara, jendeak gure aurka joko du».

Ramirezen ustez, ez da ezein aukera baztertu behar, baina argi du jokaleku horretarako PSN ez dagoela oraindik prest. Morenok herritarren presioaren garrantzia azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.