Finantza publikoak

Nafarroako aurrekontu akordioa ontzat jo du EH Bilduk

Laura Aznal eta Adolfo Araiz Nafarroako Gobernuko ordezkariekin bildu dira, eta  egiaztatu dute hitzartutako akordioak «neurri handi batean» bete direla. Dena den, oraindik ere badira bete gabeko konpromisoak.

Laura Aznal eta Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentariak. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2023ko azaroaren 3a
16:02
Entzun

EH Bilduko ordezkariak ordu eta erdiz bildu dira Nafarroako Gobernuarekin, aurtengo aurrekontu akordioa zenbateraino bete den aztertzeko. Laura Aznal eta Adolfo Araizek azpimarratu dute «abiapuntu ona» dela 2024ko aurrekontuak negoziatzeko.

Hitzartutakoa «positibotzat» jo du koalizio abertzaleak, egiaztatu baitute iaz adostutakoa «neurri handi batean» bete dela. Bete ez diren kasuetan, gobernuaren azalpenak entzun dituzte. «Batzuetan, egungo gobernua osatzeko negoziazio prozesua luzatu izanaren ondorioz, diru sail batzuk ez dira bete, eta, bestalde, Europako funtsen joan-etorrian atzerapenak egon dira», aipatu du Aznalek.

Alta, beste kasu batzuetan «borondate politikoa falta» dela antzeman dute. Adibidez, gobernuak oraindik ez ditu egin departamentukako hizkuntza planak. Gobernuak berak azaldu duenez, gobernu egitura berriak eta legealdi hasierako lan eskergak zaildu egiten diote hori, baina EH Bilduk gogorarazi die hori eurentzat lehentasunezkoa dela. «Gehiegi atzeratzen ari da».

Hauek dira betetzeko diren beste gaietako batzuk: elkarteen gaineko zergaren pizgarriak aztertzea —duela bi urte egin zen azterketa bat, baina onura batzuk aztertzea falta zen—, parte hartze demokratikoa garatzeko araudia egitea eta klinika pribatuen hitzarmenak aztertzea.

Aznalen ustez, orain arteko lanaren jarraipena egiteko balio izan du bilerak. «Akordio horiek herritarren bizi baldintzak hobetzeko balio izan dute. Nafarroako hurrengo aurrekontuetan hainbat neurri hitzartzeko abiapuntua da». Bileran, EH BIlduk gobernuari adierazi dio legealdiko politiketan eta aurrekontuetan eragiteko nahia duela: «Oraingoan, anbizio handiagoz», zehaztu du.

Erabateko prestasuna azaldu dute. «Ikusiko dugu zertan gauzatuko den iragarritako gastu muga, zeintzuk izango diren gobernuaren lehentasunak eta zer zerga neurri iragartzen dituen 2024rako». Zerga neurriei dagokienez, gobernuak jakinarazi du aurrekontuak baino lehen onartuko direla: espero dute aurrekontuak otsail edo martxoan aurrera ateratzea eta zergak, berriz, abendu amaierarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.