«Ez da onargarria herritarrek administrazioaren aurrean ezarritako epeak zorrotz bete behar izatea, bestela zigorren bat jaso dezaketelako, edo eskubideak, zerbitzuak edo laguntzak gal ditzaketelako. Administrazioek, berriz legeak ezarritako epeak urra ditzakete erantzuteko edo izapideak onartzeko, esanez lan asko dutela edo gainezka eginda daudela. Eta ez da ezer gertatzen, ez dago konpentsaziorik epeak ez betetzeagatik, ez dago zigorrik, ez dago ardurak bere egiterik edo barkamen eskaerarik».
Kexa, salaketa, ez du herritar soil batek egin. Administrazioaren parte den ordezkari batek egin du, egoitza ofizial batean, herritarrek aukeratutako ordezkariak aurrean dituela. Patxi Bera Nafarroako arartekoak iazko txostena aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan. Datuak azaltzeaz gain, administrazioaren eta herritarren arteko harremanean dagoen amildegiaz hitz egin die. «Badaude salbuespenak, badira lan serioa eta jarraitua egiten ari direnak herritarrekin harremana hobetzeko eta haien eskubideak aitortzeko», esan die parlamentariei. Horiek salbuespenak dira, ordea: «Baina, zoritxarrez, orokorrean, gero eta harreman asimetrikoagoa eta bidegabeagoa da».
Beraren iritziz, herritarrek administrazioarengan konfiantza galtzen badute, oso zaila izango da berreskuratzea, eta horren eraginez are gehiago zabalduko da sistema demokratikoarekiko «atxikimendurik eza».
Administrazioa aldatu beharra
Beraren kritikak entzunda, Inma Jurio PSNko parlamentariak nabarmendu du administrazioko langile gehienek ondo lan egiten dutela, herritarrez arduratzen direla eta haiekin enpatia dutela: «Baina gizartearen eredua aldatu egin da eta horrek administrazioaren egitura aldatzea behartzen du». EH Bilduko Irati Jimenezen ustez, baliteke administrazioak zenbait gaitan huts egitea, baina guztia gaizki egiten dela zabaltzearen kontra dago, «horrek neoliberalismo hutsari mesede egiten diolako, eta hor erortzeko arriskua dugulako».
UPNko Juan Luis Sanchez de Muniainek bat egin du arartekoak esandakoarekin. Erantzun gabeko «dozenaka» idatzi eta helegite daudela salatu du: «Etengabe gertatzen da, eta onartezina da. Zenbaitetan, administrazioak zerbitzua eskaini behar dien herritarrekiko duen utzikeria eta mespretxua erakusten du».