Nafarroako arartekoak %23 jarduera gehiago egin ditu 2017an

Hezkuntza alorrean jaso ditu kexa gehien. Babesgabe dauden adingabeen gorakadaz hausnartu beharra azpimarratu du Enerizek

Iosu Alberdi.
2018ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Nafarroako ararteko Javier Enerizek atzo aurkeztu zuen 2017an eginiko jardueren txostena, Nafarroako Parlamentuan. Guztira 2.412 izan ziren, 2016. urtean baino %22,7 gehiago. Enerizek adierazi zuen arreta handiena behar duten arloak hezkuntza, funtzio publikoa eta gizarte ongizatea direla. Lan horien ondorioz, 118 iradokizun, 232 gomendio eta 122 legezko eginbeharren gogorarazpen egin dizkie arartekoak Nafarroako erakunde publikoei.

Enerizek azaldu du 826 ikerketa egin dituztela; horietatik 787, herritarren kexen ondorioz. Kexa gehien jaso duen alorra hezkuntza izan da, 156rekin. Horien artean eskola jazarpenarekin lotura duten lau, baita zentro publiko eta itunpekoetako onarpen baremoen inguruko hainbat ere. Arartekoak gaineratu du hezkuntza «desadostasunen alor» bihurtu dela, eta «egonkortasuna» lortzeko elementuak bilatu beharra dagoela. Hezkuntzaren ondoren, funtzio publikoen alorrak jaso du kexa gehien: 96.

Gizarte ongizatean 86 kexa egon dira, horietatik hemeretzi haur eta gazteen babesari lotutakoak, gehienbat adingabeen babesgabetasunari eta guraso bananduen zaintzari lotuak. Alor horretan, arartekoak azpimarratu du hausnartu beharra dagoela «babesgabe dauden adingabe kopuruaren igoeraz». Indarkeria matxistarekin lotutako bederatzi salaketa ere jaso ditu: hiru, bikotekide ohiek eginiko erasoen ondorioz; eta sei, gizarte langileen arreta okerragatik. Errenta bermatuaren inguruko hemeretzi kexa ere jaso dituzte, laguntzak ukatzea eta kontzesioetan atzeratzea dira arazo nagusiak.

Ingurumenari lotutako kexa ugari ere jaso dituzte: 66. Nabarmenenak, kutsadura akustikoari lotutakoak: gazteen lokalak, fabrikak, ostalaritzako negozioak eta hondakin kamioiak. Halere, badira, besteak beste, ingurumen informazioaren berri ematea ukatzeagatik eta salaketakez erantzuteagatik jarritakoak ere.

Enplegu publikora sarbidea lortzeko baldintzen inguruko kexak 56 izan dira, eta, besteak beste, behin-behineko kontratuak lortzeko zerrenden kudeaketa jarri da ezbaian.

Osasun alorrean, kexa gehienak erietxeetan jasotako arretarekin eta itxaron zerrendekin lotutakoak dira. Azken horiek, batez ere, traumatologia eta errehabilitazio arloetan eman dira. Nafarroako osasun sistemak guztira 55 kexa jaso ditu.

Ogasunak jasotako 48 kexen artean nabarmentzekoak dira PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari lotutakoak. Etxebizitza arloan, berriz, 35 kexa jaso dira, eta alokairua ordaintzeko laguntza publikoen jaitsiera eta babes ofizialeko etxeetara sartzeko zailtasunak nabarmendu dira.

Hirigintza alorrean, berriz, 35 kexa izan ziren 2017an. Gehienak udalen ekimen faltaren ondorio dira. Hirigintza araudiaren balizko arau-hausteen aurrean beharrezko neurriak ez hartzeagatik salatu dituzte.

%61,4ko onarpen maila

Kexen %53,9 Nafarroako Gobernuari eta hari lotutako erakundeei lotutakoak dira, guztira 496. Atzetik daude udal erakundeeieginikoak, 247 (%26,8), eta Espainiako Estatuko administrazioari lotutakoak, 87 (%11). Kexa horiek ikertuta, 398 ebazpen egin ditu arartekoak, 2016an baino 78 gehiago. Arartekoaren egitekoaren onarpena, berriz, %61,4koa da, 2016koaren antzekoa. Ordukoa inoizko txikiena izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.