Nafarroako AHTaren proiektu batzuk idazteko kontratuak lizitatu ditu Madrilek

Burdinbideak jartzeko, katenaria eraikitzeko eta Tafallan azpiestazio elektriko bat egiteko proiektuak lizitatu ditu Adif-ek.

Nafarroako AHTaren lanak, Erriberri eta Tafalla artean
Nafarroako AHTaren lanak, Erriberri eta Tafalla artean, iaz. JESUS DIGES / EFE
inaut matauko rada
2025eko apirilaren 22a
13:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainiako Gobernuak atzo iragarri zuen guztira 1,8 milioi euroren lizitazioak egin dituela Nafarroako AHTan proiektu batzuk hasteko. Zehazki, Castejon eta Iruñeko Biurrun-Campanas auzoa lotzen dituen 60 kilometroko zatian hainbat lan egiteko dira lizitazioak. Lau azpizati ditu 60 kilometroko bide horrek: Castejon eta Alesbes arteko azpiegitura eginda dago, Alesbes-Erriberri eta Erriberri-Tafalla eraikitzen ari dira, eta Tafallaren eta Biurrun-Campanasen arteko eraikuntza proiektua lizitatzeko dago oraindik.

Hiru proiektu idaztea lizitatu du Adif-ek, Espainiako Garraio Ministerioaren enpresak: 329.000 euroren kostua izango du 60 kilometroko bidearen katenaria guztia egiteko proiektua idazteak; burdinbideak jartzeko proiektua idazteak 528.750 euroren kostua izango du, eta Tafallan azpiestazio elektriko bat eta beste azpiegitura txiki batzuk barne hartuko dituen proiektua idazteak 915.000 euro balioko du.

Hala ere, proiektuak idaztea soilik lizitatu dute oraindik; ondoren, eraikuntza lizitatu beharko da, eta gero, eraiki. Oraindik Castejon eta Iruñea arteko AHTaren laurden baten azpiegitura soilik dago eraikita. Gainera, Tafalla eta Iruñea arteko zatiak bateragarria izan behar du Iruñea eta Zuasti arteko zatiarekin, eta horren informazio txostena oraindik ez da idatzi ere egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.