Aurrerabidearen K-AHT-eak apurtu lelopean egin dute gaur Iruñean AHT Gelditu! taldeak deitutako manifestazioa. 300 pertsona inguruk parte hartu dute AHTaren aurkako manifestazioan. Antolatzaileek adierazi dute azpiegitura horrek «esklabo» bihurtzen dituela langileak, baina baita herritarrak ere.
Mobilizazioa 12:00etan hasi da Iruñeko Karlos III.a etorbidetik. Zenbait pertsona agertu dira uniforme zuri zikina jantzita, elefante zuri handi baten egitura eramanez; «alferrikako azpiegitura suntsitzaile eta inposatuen ikurra» da elefantea. Trajez jantzita, elefantea bultzatzera behartzen dituen gizona dago, esku batean zartailu bat duela, eta diruz betetako maleta bat bestean: «Baliabide publikoak AHTarentzat dira, politika publikorik ez», esan du, elefantea bultzatzen dutenak zigortu bitartean.
AHT Gelditu!-ko kideek salatu dute AHTaren lanak «XXI. mendeko esklabotzaren adierazle nagusietako bat» direla: lanaldi amaigabeak, aparteko orduak kobratu gabe, drogen kontsumoa lanaldi horiei eutsi ahal izateko, enpresa abusuak, tratu txar arrazistak eta homofoboak... Zabaldutako oharrean aipatu dutenaren arabera, «ustiatze baldintza horiek gabe, AHTaren moduko azpiegitura erraldoiak ez lirateke posible izango, kostua izugarri altua izango litzateke eta».
«Benetako gertakizunetan oinarrituta dago», esan dute manifestazioa hasi bezain pronto. Hainbat antzerki labur egin dituzte AHTaren lanetako langileen egoera salatzeko: batean, zaurituta egon arren lan egitera behartutako langile baten egoera antzeztu dute; beste batean, segurtasunez lan egiteko ekipamendu egokirik ez duten langileena; eta, azkenik, lan ikuskatzaileen konplizitatea ere salatu dute.
«AHTa Euskal Herriko elefante zuririk handiena da; diru publikoarekin finantzatuta dago, eta eraikuntza enpresei bakarrik egiten die mesede», aldarrikatu dute AHT Gelditu!-ko kideek. AHTaren dirua langileentzat eta AHTaren dirua pentsiodunentzat irakur zitekeen manifestariek zeramatzaten karteletan.
Lan istripuak
Manifestazioa Sarasate pasealekuan amaitu da, Nafarroako Lan Ikuskaritzaren aurrean. Bertan salatu dute lan ikuskatzaileen konplizitatea; izan ere, salatzaileen esanetan, eraikuntza enpresei denbora ematen diete dena «ezin hobeto» egon dadin. Euskal Herrian AHTaren lanetan hildako 12 langileak ere gogoratu dituzte, haien izenak kartel zurietan idatziz.
AHT Gelditu!-k azpimarratu duenez, aurrerapenaren mitoa, AHTarena bezala, «pitzatuz doa». Salatu dute ekosistemak suntsitzea, biodibertsitatea galtzea eta lurraldea zatitzea eta okupatzea dakartzala egiturak, baita espezie asko desagertzea, klima aldaketa, lurraren, uraren eta airearen kutsadura eta deforestazioak ere. «Egungo aurrerabide berde eta digitalak oihartzun sozial globalaren krisia areagotzen du, biztanle askoren bizitza arriskuan jartzen du eta zibilizazioa kolapsora darama», ohartarazi dute kolektibotik. Elefante zuria eramaten dutenen kateak apurtzeko garaia dela adierazi dute: «Bada garaia esklabo egiten eta suntsitzen gaituen aurrerapenaren kateak hausteko».