Nafarroako Administrazio Auzitegiak udalei gogorarazi die euskarari lehentasuna eman behar diotela agirietan

Ebazpenaren ondorioz, Burlatako Udalak euskararen ordenantza aldatu beharko du, horretan baitago jasoa euskarazko testuak gaztelaniazkoen azpitik edo eskuinaldera jartzeko beharra.

Burlatako udaletxea
Burlatako udaletxea. BERRIA
Ion Orzaiz.
2023ko abenduaren 22a
11:58
Entzun

Euskarazko bertsioa, goian edo ezkerraldean. Nafarroako 103/2017 dekretuak administrazioak behartzen ditu euskara lehenestera idatzi ofizialetan, seinaleetan edo bestelako komunikazioetan, gaztelaniaren aurretik jarrita. Gaur egun, ordea, kontrakoa da ohikoena; hots, euskarazkoa azaltzea gaztelaniazko bertsioaren azpitik, eskuinean edo bigarren mailan. Burlatako Udalak, esate baterako, arau hau jaso zuen hauteskundeen aurretik onartutako euskararen ordenantza berrian: «Testua bi zutabetan dagoenean, ezkerrean, testua gaztelaniaz agertuko da, eta eskuinean, euskarazko testua; goialdean, bertikalean, testua gaztelaniaz idatziko da, eta, behealdean, testua euskaraz». Burlatako herritar batek helegitea aurkeztu zuen Administrazio Auzitegian, arauak 2017ko dekretua urratzen zuelakoan, eta auzitegiak arrazoia eman dio orain. Ebatzi du udalak «goian edo ezkerrean» jarri beharko dituela euskarazko testuak. Gaztelaniazkoen aurretik, alegia.

Zehazki, ebazpenean zurian beltz jasota dago Burlatako Udalak —eta beste edozein toki entitatek— ezin diola izkin egin Nafarroako Gobernuaren «arautegi exekutiboari».

AET Administrazioan Euskaraz Taldeak eman du ebazpenaren berri, eta pozik azaldu da, euskararen aldeko epai bat eman duelako Administrazio Auzitegiak, ohi ez bezala. «Aurkakoa ikusten ohituta bagaude ere, euskararen aldeko neurri hau ongi ikusten dugu, Nafarroan euskararen historiari eta haren izaerari justizia egiten baitie», azaldu du taldeko bozeramaile Joseba Otanok. Gogorarazi du Nafarroako Gobernuak ere antzeko neurri bat hartu zuela duela gutxi, Berriozarko bide seinale berrietan euskarazko izenak gaztelaniazkoen gainetik ipinita: «Ebazpen hau eskuetan eta Nafarroako Gobernuak Berriozarren eginikoa eredutzat hartuta, Burlatako Udalak badu zertan aitzindari izan, bide erakusle. Hala izan bedi!».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.