Nafarroako 12 urteko mutil bat adarkatu du zekor batek Errioxako entzierro batean

Alfaroko Udalak ikerketa bat hasi du, zer gertatu den argitzeko.Legez kanpokoa da 16 urtetik beherako gazteek entzierroetan parte hartzea

2014ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Tuterako (Nafarroa) 12 urteko gaztetxo batek zekor baten adarkada jaso zuen Alfaron (Errioxa, Espainia) asteazkenean izandako entzierroan. Izterrean jaso zuen adarkada. Gurutze Gorrikoak bertan zeuden, eta Iruñeko Ospitale Gunera eraman zuten. Oraindik ospitalean dago.

Alfaroko festetan zekor batek adarkatu zuen, hau da, bi urte edo zerbait gehiago dituen animalia bat. Alfaroko alkate Jesus Perezek azaldu du zekorren entzierroa egin baino lehen abisu argia zabaltzen dutela: 16 urtetik gorakoek bakarrik parte har dezakete entzierroan. Gainera, ohartarazi du gaztetxoren batek 16 urte bete gabeak baditu eta entzierroan parte hartzen badu erantzukizuna haren gurasoena edo arduradunena dela.

Zekorren entzierroaren ondoren, beste entzierro bat egin zuten animalia handiagoekin, eta horietan ezin dute parte hartu adingabeek.«18 urtetik gorakoek bakarrik parte har dezakete», gogora ekarri du alkateak.

Legedia, aurka

Errioxako 27/2011 dekretuak zezenen ikuskizunetan bete behar diren arauak biltzen ditu. Bertan azaltzen da zezenak dauden «edozein festatan» parte hartzeko gutxieneko adina 16 urtekoa dela; hortik beherakoek ezin dute parte hartu. Gainera, «festa» hori antolatzen duen enpresak erabaki dezake gutxieneko adina 18 urtekoa izatea.

Beraz, legeak ez du batere zirrikiturik uzten 16 urtetik beherako gaztetxoek entzierroetan parte hartzeko. Eta entzierroetan parte hartzeko adina igo egiten da animalia helduagoak badaude; are zorrotzagoa da legea.

Kasu honetan, zauritutako mutilak 12 urte besterik ez duenez, argi dago legea urratu dela. Hori aintzat hartuta, gertakariaren ondoren, Alfaroko Udalak ikerketa bat hasi du zer pasatu den ikertzeko. Nafarroan ere, foruzainek ikerketa bat hasi dute zer gertatu den argitzeko. Izan ere, Nafarroako legediak ere arautzen du 16 urteak beteak ez dituztenek debekaturik dutelaedozein entzierro klasetan parte hartzea.

Azken egunetan beste bi pertsona ere zauritu dira entzierroetan adarkadak jasota Nafarroan. Bat adingabea: 15 urteko gazte batek joan den larunbatean adarkada jaso zuen Leringo entzierroan, Nafarroan. Ospitalera eraman zuten, eta oraindik erietxean dago. Bestalde, Arrasateko (Gipuzkoa) 64 urteko gizon batek oraindik ospitalean jarraitzen du, Valtierran (Nafarroa) asteazkenean izandako entzierroan jaso zuen adarkada batengatik. Haren egoerak hobera egin du, eta senda-agiria laster jasotzea espero du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.