Nafarroak proposatu du batxilergoko bigarren mailako ikasleek aukera izatea ekainaren 1etik eskolara itzultzeko

Selektibitatea eta ezohiko deialdia prestatzeko erabiliko da, eta «borondatezkoa» izango da ikasleentzat. Unibertsitatera sartzeko proba egun bat luzatuko dute, beraz, ekainaren 23tik 26ra izango da. Gainerako mailetako ikasleak ez dira itzuliko

Berako Toki Ona insitutuko ikasle bat, on-line eskola batean. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko maiatzaren 15a
13:02
Entzun

Nafarroa ere ari da pixkana argitzen nola amaituko duten ikasturtea. Batxilergoko bigarren mailako ikasleek ekainaren 1etik aurrera aurrez aurreko jarduerara itzultzeko aukera izatea proposatu du Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak. Ekainaren 19ra arte izango lukete aukera hori, hau da, hiru astean; unibertsitatera sartzeko probak eta Batxilergoko bigarren mailako ezohiko deialdia prestatzeko baliatuko dute itzulera –ez ebaluatzeko probak egiteko–; «borondatezkoa» izango da; eta «ezinbesteko denbora» baino ez dira egongo ikastetxeetan. «Garrantzi akademikoarengatik» eta «prebentzio neurriak bermatzeko aukerarengatik» hartu dute Batxilergoko bigarren mailako ikasleak itzultzeko erabakia. Gimenok esan du ikuspuntu akademikotik «garrantzitsua» iruditzen zaiela Batxilergoko bigarren mailako ikasleei aukera erraztea ekainaren 1etik 19ra ikastetxeetara joateko, unibertsitatera sartzeko proba eta ezohiko deialdia prestatzeko, baina ez ebaluazio probak egiteko, «boluntariotasunarekin talka» egingo lukeela iritzita. Itzulera posible izan dadin, Nafarroak konfinamendua arintzeko bigarren fasean egon beharko du.

Itzulera hori nola egingo den ere zehaztu du Gimenok: ikasleak taldetan banatuko dituzte, talde bakoitzean hamabost ikasle baino gehiago ez egoteko; «segurtasun eta higiene neurriak guztiak» hartuko dituzte; garbiketa indartuko dute; eta ez da egongo jangela eta garraio zerbitzurik. Batxilergoko bigarren mailako ikasleei itzultzeko aukera ematearekin batera, nabarmendu du ikasturte honetan gainerako ikasleak ez direla itzuliko ikastetxeetara.

Gainera, unibertsitatera sartzeko proba egun bat luzatuko dute, eta ekainaren 23tik 26ra egingo dute. Beraz, probak hiru egunean egin beharrean, lautan egingo dira, ikasleak «lasai» joan daitezen eta proben artean etxera itzultzeko aukera izan dezaten. Nafarroako Unibertsitate Publikoak deitzen duen proba unibertsitateko campusetan ez ezik, Iruñeko eskualdeko hainbat institututan ere egingo dute. NUPek ohar batean adierazi duenez, ikasleek ezingo dute euren ikastetxean egin proba.

Ikasleekin batera, irakasle batzuek ere aurrez aurreko eskolak ematera itzuli beharko dute. Gimenok zehaztu duenez, errespetatu egingo da «sentsibleenak eta talde zaurgarrietakoak» ez itzultzea, eta etxetik lanean jarraitzeko lehentasuna emango zaie menpekoak eta 14 urtetik beherako haurrak zaindu behar dituzten irakasleei.

Gainerako mailetako ikasleak ez itzultzearen arrazoiak ere eman ditu kontseilariak. Haren hitzetan, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleen ezaugarriek eta hezkuntza bereziko ikasleen egoerek ez dute baimentzen bi metroko distantzia mantentzea eta babeserako materialaren erabilera egokia egitea. «Zaila da materiala partekatzen den ikasgeletan distantziari buruz gomendatu dituzten neurriak bermatzea». Institutuetako ikasleei dagokienez, Gimenok azaldu du eurak ikastetxera itzultzeak galarazi egingo lukeela lekua edukitzea Batxilergoko bigarren mailako ikasle guztiak itzultzeko.

Hizkuntza Eskola Ofizialak irekitzea ere espero dute, hala nahi duten ikasleek aurrez aurre egin ditzaten ziurtagiri ofiziala lortzeko probak.

Dagoeneko ikasgeletara itzuli dira Euskal Herriko hainbat ikasle. Ipar Euskal Herrian, maiatzaren 12an hasi ziren Lehen mailetako haurrak eskolara itzultzen. Gehienez ere 15 ikasle batu dituzte ikasgelaka, eta osasun neurri zorrotzak hartu dituzte urruntze fisikoa errespetatu eta higienea zaintzeko. Horretarako, talde pedagogikoak berrantolatu eta espazioak egokitu behar izan dituzte. Ikastetxe gehienetan ikasle kopuru txikiekin hasi dira, baina ondoko asteetan pixkanaka gehiago hartzea espero dute. Heldu den astelehenetik aitzina, kolegioetako ikasleak itzuliko dira. Hor ere, kopuru txikiekin hasiko direla erran dute hezkuntza eragileek. Ikasle gehienek etxetik segituko dituzte klaseak.

Ikuskaritzaren «bermea»

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ziurtatu du ikastetxe bakoitzak ikasgeletarako itzulera planifikatuko duela. «Ikuskaritzak bermatu beharko du plangintza ondo eginda al dagoen, eta berme horrekin zehaztu zenbat ikasle itzuliko diren eta zein modutan». 'Onda Vasca'ri egindako adierazpenetan esan du Hezkuntza Saila lanean ari dela ikasgeletara itzultzeko, «pedagogikoki eta animikoki beharrezkoa» delako, eta ohartarazi du lehentasunezko baldintza zela «hezkuntza komunitatearen osasuna bermatzea eta zaintzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.