Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdea

Nafarroak euroeskualdea indartuko duela nabarmendu dute agintariek

Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeak lehen batzarra egin du, Nafarroa batu ondoren. Barkos: «Europarako ate berri bat du Nafarroak». Agintariek AHTa jarri dute lehentasunen artean

Iñigo Urkullu, Alain Rousset eta Uxue Barkos Bordelen, atzo, euroeskualdeko gainerako ordezkariak atzean dituztela. BERRIA.
Hodei Iruretagoiena
2017ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
EAE eta Akitania Berriarekin batera, Nafarroak ere parte hartu du hiru erkidegoek osatutako euroeskualdearen batzarrean. Akitania-Euskadi zena Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdea izango da aurrerantzean, eta horrek indartu egingo du proiektua, hiru lurraldeetako agintariek nabarmendu dutenez. Euroeskualdea bera ez ezik, Nafarroak EB Europako Batasunean duen posizioa eta «Europaren eraikuntza» ere sendotuko direla adierazi dute Iñigo Urkullu eta Uxue Barkos lehendakariek Bordeleko (Frantzia) batzarrean.

Akitania Berriko eta euroeskualdeko presidente Alain Roussetek egin die harrera Urkulluri eta Barkosi. «Nafarroa bertan sartu izanak gogorarazten digu euroeskualdearen potentzialtasuna», esan du Roussetek, bileraren ondorengo agerraldian. Iaz Limousin eta Poitou-Charentes Akitania Berrira sartzeak nabarmen handitu zuen euroeskualdearen lurraldea, eta Nafarroarekin, ia 9 milioi biztanle hartuko ditu.

Tamainarekin batera, aurrekontua ere handitu dute: aurten, denera, 1.650.000 euro izango dituzte. Hortik, kultur, hizkuntza, unibertsitate eta kirol esparruetako proiektuak babesteko, 400.000 euroko aurrekontua bideratuko du erakundeak; berrikuntzarako diru laguntzak emateko, berriz, 300.000 eurokoa.

Hiru ardatz nabarmendu dituzte: elkar hobeto ezagutzea, kultura eta hizkuntzaren arloan; berrikuntza eta enplegua; eta lurraldearen barne komunikazioak. Hala, euroeskualdearentzat aro berri bat zabaldu dela azaldu dute agintariek; Rousseten esanetan, «erronka berriak» ekarriko ditu horrek, besteak beste, kulturan, hizkuntza aniztasunean, gazterian, ezagutzaren ekonomian, garapen iraunkorrean...

Barkosen arabera, «Europarako ate berri bat» izango du Nafarroak aurrerantzean: «Horrek EBren barruan dugun posizioa eta zeregin ekonomiko eta soziala indartuko ditu». Nafarroako lehendakariak gogora ekarri du «muga bat baino askoz gehiago» dutela komunean EAE eta Akitania Berriarekin: «EBko eskualde politiken arrakasta edo porrota, neurri handi batean, eskualdeok elkarbizitzarako eta ideiak partekatzeko espazioak sortzeko daukagun gaitasunaren araberakoa izango da».

Akitania Berriak darama orain euroeskualdearen zuzendaritza, baina 2018. eta 2019. urteetan Nafarroaren esku egongo da instituzioaren lema. Bitartean, bi kargu izango ditu Nafarroak zuzendaritzan: Manu Aierdi izango da Garapen Ekonomikorako presidenteordea, eta Pello Pellejero Komunikaziorako eta Hiritar eta Insituzioekiko Harremanetarako zuzendari nagusia. Horiekin batera, Nafarroako Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparra, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollo eta Ingurumen kontseilari Isabel Elizaldek ere hartu dute parte batzarrean.

Nafarroa batzeari garrantzia eman dio Urkulluk ere. Haren esanetan, instituzio gisa sendoagoa izango da orain euroeskualdea, eta azaldu du estatuen eta EBren aurrean «elkarrizketa gehiagorako» aukera ekarriko duela horrek: «Euroeskualdea indartu egin da Europako eraikuntzaren zereginean, mugaz gaindiko lankidetza sendotu du. Europa gehiago egiten dugu, Europan sinesten dugulako».

UPN, Barkosekin mesfidati

Rousseten gisan, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere AHTa aipatu du euroeskualdearen lehentasunen artean. «Aurrera goaz abiadura handiko trenbide sarea ezartzeko helburuan». Urkulluk azaldu du portuak barnealdearekin eta Europako gainerako lekuekin lotu nahi dituztela, Korridore Atlantiko osoan merkantziak eta bidaiariak trenez garraiatu ahal izateko.

EH Bilduren ordezkari gisa, Bakartxo Ruiz parlamentaria, Maddalen Iriarte legebiltzarkidea eta Josu Juaristi eurodiputatua izan dira Bordelen. Ruizek esanetan, «berri ona» da Nafarroa euroeskualdean sartzea: «Hiru eremu administratiboak elkarlanean aritzeko aukerak erraztu egingo du euskal herritar guztien harremana estuagoa izatea eta haien bizi baldintzak hobetzea». Hutsune bat ere ikusi diote, ordea, euroeskualdeari: Euskal Elkargoa falta dela. Hala, Ipar Euskal Herriko erakundeak ere ordezkaritza ofiziala izatea nahi dute.

Ruizen hitzak adituta, Barkosi mintzatu zaio UPN, eta eskatu dio iritzi bera ote duen argitzeko: «Euroeskualdeak balio behar du nafarrentzat aukera berriak sustatzeko, ez xede nazionalistentzat. Bildurentzat Euskal Herria eraikitzea bada helburua, UPN euroeskualdearen aurka dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.