Bete egin da aurreikuspena: Nafarroako Gobernuak pandemiari kontra egiteko neurri murriztaile berriak iragarri ditu, eta orain arte indarrean izan direnak baino malguagoak dira, hainbat alderditan. Aldaketek ostalaritzari eta kultur jarduerei eraginen diete, batik bat. Hala nola, gobernuak ordubete atzeratu du tabernen eta jatetxeen itxiera ordua, gauerdira arte, alegia; maiatzaren hondarretik, 23:00ak arte izan daitezke irekita. Gainera, pertsona gehiago elkartzen ahalko dira espazio horietan: %30etik %50era zabalduko da gehienezko edukiera.
Gobernuak neurri bertsuak iragarri ditu kultur jardueretarako ere: ostalaritzaren antzera, jarduerak gauerdira arte izanen dira baimenduta. Gehienezko edukiera %60an zehaztuko dute.
Bestalde, foru agindu berrian jasoa denez, peñetan eta elkarte gastronomikoetan edukieraren %40 erabiltzen ahalko da.
Neurriak ostiralean sartuko dira indarrean, eta uztailaren 1era arte izanen dira ezarrita, gutxienez.