Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordeak eman du erabakiaren berri: beste hamalau egunez luzatuko dira azken asteetako neurri murriztaileak. Hau da, mugak martxoaren 25era bitarte izanen dira indarrean. Nafarroak eutsi eginen dio herrialdearen itxiera perimetralari; gaueko 23:00etatik aurrerako etxeratze agindua izanen da, eta eremu pribatuko bilerak bi bizikidetza unitatekoak izaten ahalko dira gehienez.
Gainera, bere hartan segituko dute edukiera mugek ere. Esaterako, ostalaritzari dagokionez, terrazetan baimendua dago %100eko edukiera, baina barnealdean, %30ean dago ezarria muga oraindik ere. Merkataritza gune handietan, %40 da gehienezko edukiera, eta denda txikietan, %50.
Erkidegoak, itxita
Bestalde, gaur arratsaldean bilera egin dute Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak eta erkidegoetako gobernuek, eta, aurreikusi bezala, Aste Santuan erkidegoen perimetroa itxita mantentzea adostu dute. Neurri murriztaileen inguruko gutxieneko akordio bat lortu dute, baina, praktikan, ez da aldaketarik izango: bileretan gehienez ere lau edo sei lagun elkartu daitezke, eta etxeratze agindua 23:00etan izango da beranduenez —Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 22:00etan mantenduko da—.