Nafarroako Gobernuak beste bi astez luzatuko ditu azken asteetako neurri murriztaileak, eta apirilaren 9ra arte izango dira indarrean. Nafarroak eutsi eginen dio herrialdearen itxiera perimetralari. Gaueko 23:00etatik aurrerako etxeratze agindua izango da; eremu pribatuko bilerak bizikidetza unitatekoen artekoak bakarrik izan ahalko dira; eremu publiko itxietan lau pertsona gehienez bildu ahal izango dira; eta kaleko bileretan, gehienez sei.
Gainera, bere hartan segituko dute edukiera mugek ere. Esaterako, ostalaritzari dagokionez, terrazetan baimendua dago %100eko edukiera, baina barnealdean, %30ean dago ezarria muga oraindik ere. Merkataritza gune handietan, %40 da gehienezko edukiera, eta denda txikietan, %50.
Neurriok dekretu bidez sartuko dira indarrean, ostiral honetan. Hala ere, Nafarroako Gobernuak ohartarazi du kutsatze datuek okerrera egiten badute neurriak are gehiago gogortzea aztertuko duela.