Behin negoziazio batzordeak osatu ondoren, Foru Hobekuntza berritzeko bidean lehen urrats erabakigarria egin dute Nafarroak eta Madrilek. Transferentzia juridikoki bermatzeko, trafiko eskumena Foru Hobekuntzan jasotzeko akordioa erdietsi dute. Felix Taberna Nafarroako Gobernuko presidenteordeak eta Angel Victor Torres Espainiako Gobernuko Lurralde Politiketako ministroak sinatu dute.
Espainiako Auzitegi Gorenak trafiko eskumena eskualdatzea bertan behera utzi ondotik, Nafarroako estatutu nagusitzat hartua den Foru Hobekuntza aldatzeko bidea hautatu zuen Nafarroako Gobernuak. «Erreforma espresa» deitu bazion ere, urtebete inguru iraungo duela kalkulatzen da. Bide horretan aurrera egiteko, ezinbesteko zuten bi aldeak ados daudela adieraztea.
Izan ere, trafikoa itzultzeko prozesua hitzartua zuten bi gobernuek, eta bide hura juridikoki dekretu bidez gauzatu zuten. Iazko uztailaren 1etik zegoen indarrean, baina oraingo honetan Auzitegi Gorena sartu zen tartean eta prozesua guztiz baliogabetu zuen.
Gorenak ebatzi zuen ezin zutela prozesu hura dekretu bidez egin. Argudiatu zuen Nafarroako Foru Hobekuntzan jasota ez zegoen eskumen bat zela, eta eskubide historikoen artean ere ez zegoela. Aitzitik, Nafarroako Gobernuak uste zuen Foru Hobekuntzan eskumena jasota zegoela eta dekretu bidez egin zitekeela, aurrekariak zeudelako eta Gorenak berak bide hori baieztatu zuelako.
Akordioak, hortaz, epai horri erantzuten dio. «Foru Hobekuntzan hitzez hitz jaso da gure errepideetako zaintza eta kontrola gure gain hartu dezakegula osorik», azaldu du Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak. Aukera baliatu du Foru Hobekuntza bera goraipatzeko. «Handik sortzen dira gure autogobernuaren erroak».
Angel Victor Torresek espero du geratzen den bide politikoan «ahalik eta adostasun handiena» lortzea, eta «ahalik eta azkarrena».
Bide luzea oraindik
Akordioa gauzatuta, oraindik bere bidea egin beharko du. Lehenik eta behin, Nafarroako Gobernuko kontseiluak onartu beharko du eta Nafarroako Kontseiluaren oniritzia lortu beharko du. Organo aholku emaile gorenaren aldeko txostena esku artean duela, Nafarroako Parlamentura helduko da testua. Gehiengo osoz aterako da aurrera, eta handik Espainiako Gobernuaren esku geratuko da hurrengo urratsa. Ministroen Kontseiluak onetsi beharko du, eta handik Espainiako Gorteetara pasatuko da; Kongresutik lehenik, Senatutik gero.
Guztia burututa, trafiko eskumena itzultzeko prozesua aktibatuko da berriz. Gorenak baliogabetu duen hori, hain zuzen.
Foru Hobekuntzaren Negoziazio batzordean bi gobernuetako ordezkariak izan dira. Nafarroaren aldean, hiru presidenteordeak —Felix Taberna, Ana Ollo eta Begoña Alfaro— eta Joseba Asiain Presidentetza eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusia; Espainiaren aldean, Angel Victor Torres ministroa, Alicia Etxeberria Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaria eta Alejandra del Rio Lankidetza Autonomikoko zuzendaria.