Duela berrogei urte Foru Hobekuntzaren negoziaketa egin zuten toki berean bildu dira gaur Nafarroa osoko hainbat lagun, Nafarroako Jauregiaren aurrean, herri plataforma berri bat aurkezteko: Nafarroa XXI. Herrialdearen orainaren eta etorkizunaren inguruko eztabaida bultzatzea dute helburu, «Nafarroa demokratikoago eta sozialago baten norabidean pausoak emateko».
Maitane Eraso eta Ani Morales bozeramaileek azaldu dutenez, egitasmoa kezka batetik abiatu dute: «Larrituta gaude Nafarroako autogobernu galerarekin; gobernu zentralaren, Bruselaren, merkatuen eta multinazionalen aurrean gero eta botere politiko ahulagoa dugula ziurtatzearekin». Nafarroako gizartea «bere burua gobernatzeko gaitasuna» galtzen ari dela salatu dute.
Ondorio horretara iritsi dira Nafarroako Foru Hobekuntza indarrean sartu zenetik berrogei urte betetzear direnean —1982ko abuztuan izan zen—; eta burujabetzaren gabezia gertakari horrekin lotu dute. Izan ere, Nafarroa izan zen bere estatutua bozkatzeko erreferendumik egin ez zuen lurralde historiko bakarra. «Eta gaur gaurkoz egiaztatzen dugu egungo nafar biztanleriaren hiru laurdenek ez zutela parte hartu eta ez bozkatu lege haren aprobazio prozesuan», adierazi dute. Hori «konpondu beharreko defizit demokratikotzat» jotzen dute.
Era berean, adierazi dute egungo Nafarroaren eta duela berrogei urtekoaren artean ezberdintasun handiak daudela: «Jendarte feministago batean bizi gara, laikoagoa, ekologistagoa eta anitzagoa; egoera politiko, ekonomiko eta sozial kaskarraz sakonki arduratzen dena».
Horiek horrela, Foru Hobekuntzaren negoziazioari buruzko «herri kontakizun bat» sortzeko unea dela aldarrikatu dute, eta, horrekin batera, Nafarroaren orainaldiari eta geroari buruz eztabaidatzekoa ere. Gainera, eztabaida hori «beldurrik gabe» egin behar dela azpimarratu dute, «aurretiazko muga guztiak alboratuz», proiektu guztiak onargarriak direla uste dutelako, bat salbu: «gure herriari bere oraina eta etorkizuna modu demokratikoan erabakitzeko gaitasuna ukatzen diona».
Jardunaldiak egingo dituzte
Eztabaida egikaritzeko, lan jardunaldiak egingo dituzte hogei herritan, dinamika «josi eta zabaltzeko» eta ekarpenak jasotzeko. Nafarroako jendarteari erronkan parte hartzera dei egin diote, eztabaida ahalik eta «anitzena, gardenena eta parte hartzaileena» izan dadin. Eragile kultural, sindikal, sozial, politiko eta instituzionalek ere parte hartzearen garrantzia nabarmendu dute.
Dinamikaren gogoetak manifestu batean bildu dituzte, eta www.na21.org webgunean irakur daiteke, baita atxikimendua eman ere. Oraingoz ehun pertsona inguruk sinatu dute; horien artean daude, esaterako, Mikel Soto, Txutxin Almingol, Ane Zaldua, Patxi Zamora, Joseba Compains, Julia Itoiz edota Begoña Zabala.