Zer ondorio izanen du Nafarroako eskuinaren zatiketak hauteskunde gauean? Eta biharamunean? Miguel Sanzen gaztatxoaren teoria berpizteko balioko du, ala, kontrara, Javier Esparzaren lidergoa kolokan jartzeko? Boterearen higadura nabarituko du PSNk? Goranzko joerari eutsiko diote indar abertzaleek? Zer gertatuko da Ahal Dugu eta Ezker Batuaren espazioa ordezkatuko duen Zurekin Nafarroa koalizioarekin? Gauerdian hastekoa den hauteskunde kanpainak ziurtasun baino zalantza gehiago utzi ditu herrialdean. Horiei erantzuna eman, eta, zume horiekin, Nafarroako kaleidoskopio politikoaren irudi panoramikoa osatzeko saioa egin zuten atzo Iruñean, Euskalerria irratiak, Martin Ugalde kultur parkeak, Katakrak espazioak eta BERRIAk antolatutako mahai inguruan.
Mahaiaren bueltan, Nafarroako aktualitate politikoari buruz solasean aritu ziren Diario de Noticias egunkariko kazetari Ibai Fernandez, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbide Historiako irakasle Amaia Alvarez, BERRIAko kazetari Joxerra Senar, eta Euskalerria irratiko zuzendari eta esatari Juan Kruz Lakasta. Uxue Rey kazetariak gidatu zuen mahai ingurua.
Navarra Sumaren haustura eta nafar eskuinaren egoera aipagai izan zituzten eztabaidaren lehen zatian. Lakastaren irudiko, PPtik aldentzeko apustua «arriskutsua» izan daiteke UPNrentzat: «Javier Esparzak asko du jokoan, bere aukera bakarra baita PSNren eta UPNren artean gehiengo osoa lortzea, eta hori ere ez dago argi. Aritmetikoki posible ez bada UPN-PSN binomiora itzultzea, baliteke Esparzak gorriak ikustea alderdi barruan».
Fernandezek uste du UPNren krisia «identitarioa» dela, politikoa bainoago. «UPNk nortasuna galdu du», laburbildu zuen atzo. «Alderdiak garesti ordaindu du bere etorkizuna Mariano Rajoyren PPri lotu izana. Espainiako eskuinarekin batera Iruñean manifestatu izanak asko eragin zien bere irudi publikoari eta izaerari berari, eta orain ez daki nora jo». Hori dela eta, aurrera begira, UPNk «zirt edo zart» egin beharko duela uste du Diario de Noticias-eko kazetariak: «PPren Nafarroako marka huts izan, ala alderdi erregionalista bereizia izan».
Alvarez irakasleak hizpide izan zuen auziaren dimentsio historikoa, hau ez baita Nafarroako eskuin politikoa lista bereizietan aurkezten den lehen aldia: «Azken hamarkadetan, asko izan dira eskuinak izan dituen siglak eta zerrendak, baina mugimendu guztiek helburu bat izan dute: Nafarroako eliteei mesede egitea. Horren arabera batzen edo zatitzen ziren alderdi eskuindarrak». Alvarezek horren adibidetzat jo zituen UPNren eta PSNren arteko gobernu koalizioak.
Senarrek, azkenik, galdegin zuen «zuhur» jokatzea eskuinaren etorkizunaz hitz egiteko tenorean. «Sayas, Adanero... jende ugari joan da UPNtik PPra azkenaldian, baina horrek isla izanen du botoetan? Eskuineko boto emaileen artean pragmatismoa nagusitu ohi da: argi dute zein den benetako arerioa, eta horri aurre egiteko aukera egokienari emanen diote babesa». Vox alderdi ultraeskuindarra lehen aldiz Nafarroako Parlamentuan sartzeko aukerari buruz ere zalantzak agertu zituen BERRIAko kazetariak: «Voxek ez du ahaleginik egin Nafarroan tokia egiteko. Zail izanen dute botoen %3ren langa gainditzea, eta hori albiste ona izanen litzateke, ez luketelako aukerarik izanen beren agenda parlamentura eramateko».
Lidergoaren bila
Eskuin espainiazalearen aukerez ez ezik, gainerako talde politikoen erronkez ere mintzatu ziren solaskideak atzo. PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta Zurekin Nafarroaren indarguneak eta ahulguneak aztertu zituen Alvarezek. «EH Bilduk duen abantaila nagusia da gobernutik kanpo egon dela, ez duela boterearen higadura nabaritu, eta hala ere gobernuaren politikan eragitea lortu duela». Geroa Bai, berriz, «egonkor» ikusi du legealdi honetan, baina, era berean, koalizioaren indarra «diluitu» egin dela uste du, «PSNren pean».
Antzeko iritzia agertu zuen Fernandezek. Haren ustez, «legealdi zaila» izan da hau Geroa Bairentzat, «2019ra arte jokatutako rola urardotu delako, eta beste alderdi batek baliatu dituelako gobernuaren lorpenak». Hori dela eta, koalizio abertzalearen erronka nagusia «gobernu barruko lidergoa berreskuratzea» izanen dela nabarmendu zuen kazetariak.
Lakastak, baina, «sendo» ikusten du PSN: «Duela lau urte, noraezean zebilen alderdia, baina orain lidergo sendoa du. Pandemia bat kudeatzea egokitu zaio, eta hori zaila da beti, baina, horren ostean, diru laguntza oparoak heldu dira Europatik, eta zailtasun edo frikzio oro koipeztatzen du diruak».
Maiatzaren 28ko hauteskundeen biharamunari dagokionez, negoziazioek «luze» joko dutela ohartarazi zuen Senarrek. Gobernua, parlamentuko mahaia eta udalak osatzeko prozesua «konplexua eta zaila» izanen dela uste du kazetariak. Batez ere PSNren jarrerarekin adierazi zuen kezka: «Legealdi honetan, 11 parlamentari izan ditu PSNk, baina zegokion baino botere handiagoa izan du gobernuan, eta horrek ika-mikak sor ditzake negoziazioetan, jokaldia errepikatzeko tentaldia izan baitezake». Gogoeta horrekin bat egin zuen Fernandezek ere, eta ohartarazi: «PSNk beste karta bat du mahukan gordea: hauteskundeak berriz egiteko aukera».