Nafarroa Oinez-ek 3,5 kilometroko ibilbidea izango du, ekitaldiz betea

Hilaren 20an izango da; Zangozako Ikastolak jaira joateko deia egin die euskaltzale guztiei, denek batera ikastolen «ahotsa altxatzea» baita helburua.

Jaiaren aurkezpena, gaur. IDOIA ZABALETA / FOKU
Jaiaren aurkezpena, gaur. IDOIA ZABALETA / FOKU
arantxa iraola
2024ko urriaren 8a
13:00
Entzun

Gaur goizean aurkeztu dute aurtengo Nafarroa Oinez jaia. Zangozako Ikastola osatzen duten herri guztien ekarpenarekin egingo dute: Kaseda, Oibar, Gabarderal, Ledea, Esa eta Irunberri «auzolanean» aritu dira urte osoan, Piztu leloari atxikita, eta Zangozan egingo dute jaia, hilaren 20an. 3,5 kilometroko ibilbide bat antolatu dute. Bezperan ere izango dira hainbat ekitaldi. Horien berri emateko, gaur hitza hartu dute Zangozako Ikastolako zuzendari pedagogiko Nagore Oria Telletxeak, Zangozako Ikastolako lehendakari Carlos Arzelus Rotak, Jarduera Batzordeko arduradun Eneko Alkorta Larburuk eta Zirkuitu Batzordeko arduradun Iker Arbeak.

«Familia gutxiko ikastola xume batetik abiatuta, gai izan gara auzolanean sare bat sortzeko, urtebetez jarduerak maitasunez prestatzeko, eta jai eta ospakizun egun batean amaitzeko», azaldu du Oriak. Euskaltzale guztiei egin diete jaira joateko deia. Gogora ekarri du helburua zein den: «Ikastolen ahotsa altxatzea, euskarari, identitate eta etorkizun gisa, bultzada emateko». Ikastolek «kalitatezko» hezkuntza bermatzen dutela azpimarratu du, eta hori lau haizeetara zabaldu nahi dutela. Arzelusek eskerrak eman dizkie urte osoan lanean jardun duten «boluntarioei eta gogaideei», guztien ekarpenei esker antolatu baitute jaia: «Harro gaude zuetaz».

Asteburu osoan izango da zerekin gozatua Zangozan, hilaren 19an hasita. Gaiteroek eta txistulariek esnatuko dute eguna, artisautza azoka egingo da, eta jai giroko ekitaldi ugari: Zangozako Ikastolako kideek bazkaria egingo dute Baionako Bernat Etxepare lizeokoekin, eta musikaz eta dantzaz beteko dituzte gero kaleak. BERRIArekin batera antolatutako hainbat ekitaldi ere egingo dira, beren-beregi haurrentzat pentsatutakoak: eguerdian Mantangorri tailerra antolatuko dute gaztetxoentzat, eta arratsaldean Maria Aranda magoak Magia eta mirariak familian ikuskizuna eskainiko du. Iluntzean, 20:00etan, Mugan taldeak kontzertua emango du.

Hilaren 20an, Oinez eguna. Ibilbidea hiru gunetan banatu dute. Izena jarri diete: Piztu, Mintzatu eta Gozatu. Kontzertuak, dantza, tailerrak eta askotariko ekitaldiak izango dira. Gaztetxoenek Erronkan parte hartzeko era izango dute: Nafarroako 11 ikastolatako nerabeak ariko dira norgehiagokan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.