Uztailaren 19an 500 urte beteko dira Gaztelako Erresumak Amaiurko gaztelua hartu zuenetik (Nafarroa), eta Nafarroa Berriz Altxa mugimenduak iragarri du, urteurren horren atarian, ekainaren 5ean ekitaldi politiko bat egingo duela gazteluko zelaietan. Ekitaldian «dena» erabaki ahal izatea aldarrikatuko dute, eta horretarako, «errepublika aske eta burujabe batera eramango duen burujabetza prozesu propio eta herritar bat» eraikitzearen beharra azpimarratuko dute.
Ekitaldia 11:30ean hasiko da, eta ondoren hiru kilometroko martxa bat egingo dute Arizkurena. Gero, Elizondon jarraituko dute datozen asteetan ezagutzera emango dituzten ekitaldiekin. Antolatzaileek gaur esan dute Baztan bailarako bizilagunekin auzolanean antolatu dutela eguna. Antolatzaileek autobusez joateko deia egin dute, eta horretarako izena emateko 30 gune izango direla aurreratu dute: izena ematek toki horiek non egongo diren maiatzaren 5ean iragarriko dute.
«Gorriz markatua»
Nafarroa Berriz Altxak esan du «Nafarroako subiranista eta independentistentzat» 1522ko uztailaren 19ko egun hura gorriz markatuta dagoela. «Amaiurko urtemuga honekin ziklo historiko bat ixten da, 1512. urteko konkista odoltsu hartatik 9 urtetara, Nafarroako Erreinua berreskuratzeko hirugarren saiakerarena», azaldu dute ekitaldian.
«Oroitzapen baina baita ere gaurkotasun handiko aldarrikapen egun bat» izango da, aurreratu dutenez. «XXI mende honetan subiranista edo independentista izatea ez da inondik ere kapritxo bat, gure ustez XXI. mendean subiranista izatea behar bat da», gaineratu dute. Azpimarratu dute Nafarroan libreki hartzen ez diren erabakiek, dauden krisiei ematen zaizkien erantzunak baldintzatzen dituztela: krisi klimatikoa, elikadura, energia edo migrazio krisia, adibidez.
«Gaur egun subiranoak ez izateak esan nahi du, halaber, nafarrak gainerako euskal lurraldeekin eta estatuko gainerako lurraldeekin harremanak izateko eredu batera kondenatuta gaudela, eta eredu hori, subiranotasunetik abiatuta, zalantzan jartzen dugula eta erabaki ahal izatea ere aldarrikatzen dugula», adierazi dute.