Gora bai, baina traba handiekin. Horrela laburbil daiteke VII. Inkesta Soziolinguistikoak eta kaleko erabileraren neurketak Nafarroan marraztu duten panorama. Ezin uka daiteke azken 30 urteotan euskarak garapena izan duela herrialdean, traba administratiboak gorabehera; gaur egun, zazpi herritarretik bat euskalduna da, eta horiei gehitzen ahal zaizkie euskaldun hartzaileak: hamarretik bat dira. Guztira, nafarren laurdenek dute euskararen ezagueraren bat, neurketak egiten hasi zirenetik erregistratu den kopururik handiena. Gazteen artean antzeman dute igoera nabarmenena: hamarretik lau dira euskaldunak (%28) edo euskaldun hartzaileak (%12).
Erabileraren datuak ez dira hain baikorrak. Inkesta soziolinguistikoaren arabera, zortzi herritarretik batek erabiltzen du euskara, gutxi-asko: herritarren %6,8k erabiltzen dute euskara gaztelania adina edo are gehiago, eta beste horrenbestek egiten dute tarteka soilik. Kale neurketari dagokionez, euskara bazterrekoa da oraindik ere, %6ren langan.
Ezagutza
Aurrera urratsak, mantso
1991. urteaz geroztik, euskaldunen ehunekoak 4,6 puntu egin du gora Nafarroan. Eta gorakadari kopuru absolutuak aintzat hartuta erreparatuz gero, azken 30 urteetan Nafarroan honelakoa izan da bilakaera: 1991n, 40.167 euskaldun ziren; orain, ia halako bi dira: 76.784. Euskaldun hartzaileen kopurua, berriz, hirukoizteko bidean da: 19.300 ziren lehen, eta 57.834 dira orain.
Hazkunde horri balioa aitortu behar zaiola uste du Paula Kasares soziolinguistak, batez ere, herrialdearen garapen demografiko itzela aintzat hartuta. «1991 eta 2021 bitartean, Nafarroak 142.000 biztanle baino gehiago irabazi zituen, batik bat, migrazioen ondorioz. Atzerrian sortutako jende anitz etorri da azken hamarkadetan, eta biztanle berri horiek guztiak alofonoak dira, hau da, euskararik ez dutenak». Hazkunde demografiko horren barruan euskararen igoera «txikiagotuta» gelditu dela azaldu du: «Kopuru absolutuetan, berehala ikus daiteke igoera, baina ehunekoak pittaka-pittaka baizik ez dira handitu, ikerketaren unibertsoa, biztanleria osoa alegia, ikaragarri handitu baita». Horra ehunekoak: 1991n, euskaldunak orduko herritar guztien %9,5 ziren Nafarroan; orain, %14,1 dira, askoz biztanle gehiagoren artean.
Hala ere, hazkundearen erritmoari ere erreparatu behar zaiola uste du Kasaresek. Adierazi duenez, 2011z geroztik, kadentzia berarekin ari da euskararen ezagutza handitzen: 1,2 puntu bost urtean. Euskal Herriko beste lurralde batzuekin alderatuta Nafarroan hazkundea «mantsoagoa» izan dela nabarmendu du, eta Araba jarri du adibidetzat: «Duela 30 urte, Nafarroa baino datu demolinguistiko apalagoetatik abiatu zen Araba, baina bilakaera franko azkarragoa eta biziagoa izan du, batik bat belaunaldi berrien artean».
Nafarroan ere, zenbat eta gazteago, orduan eta handiagoa da euskararen ezagutza maila. 25 urtez azpikoen artean, ia herenak dira euskaldunak (%28), 1991n baino hemezortzi puntu gehiago eta 2016an baino 2,2 gehiago. Hurrengo adin tartean, 25-34 urtekoei dagokienean, gorakada nabarmena da ere: euskaldunak %7 baizik ez ziren duela 30 urte; gaur egun, bostetik bat da euskalduna (%20,2). Kasaresen esanetan, hezkuntzari zor dio euskarak igoera hori. Eta hor azaleratzen dira ere kezka nagusiak, etorkizunari begira.
Transmisioa
Eskola, aukera edo galga
Ez da sekretu bat inorentzat: gaur-gaurkoz, hiztun berri gehienak eskolatik datozkio euskarari. «Aipatzekoak dira, noski, familia barruko transmisioa eta helduen euskalduntzea, baina hiztun berrien pisurik handiena hezkuntzatik dator», esan du soziolinguista nafarrak. «Euskara inondik haziko bada, hortik haziko da, hori baita elementu erabakigarriena». Nafarroan, D eta A ereduei esker handitu da euskaldunen kopurua azken 30 urteetan, baina hazkunde hori gelditzetik hurbil egon daitekeela uste du Kasaresek: «Ezagutza datuei dagokienez, Nafarroan goia jotzetik oso hurbil egon gaitezke, ez badugu goia jo dagoeneko». Zergatik? Egungo hezkuntza sistemak ez duelako bermatzen hazkunde handiago bat. «Nafarroan, azken hamar urtean, egoera ez da aldatu: ikasleen %50etik gora eskolatzen dira euskararik gabeko ereduetan; %30 baino gutxixeago, D ereduan; eta %19-20 inguru, A ereduan. Eta Iruñeaz ari naiz, ez Tuteraz». Datu horiekin hazten segitzea «oso zaila» izanen dela uste du soziolinguistak.
«EAEn, adibidez, belaunaldi berriak euskaldunon munduan ia erabat integratzea lortu dute, ia unibertsala da prozesu hori, D ereduaren hedapenari esker, eta, neurri apalagoan, baita A ereduari esker ere», esan du. «Haur guztiek dute harremana euskararekin, neurri batean edo bestean. Nafarroan, ez. Hemen, ikasleen erdiak baino gehiago bizi dira inguru erdaldunetan, euskarari bizkarra emanda, eta eskolaldi osoa egiten dute euskararen igurtzirik txikiena izan gabe».
Horri gehitu behar zaio gazteen pisu demografikoa arintzen ari dela: «Duela hogei urte, gazteen ehunekoa handiagoa zen biztanleria osoaren barruan; orain, gutxiago dira, eta euskarazko ikas ereduek ez dute gehiago hartzen. Ez doa gora kopuru hori». Gogoeta horretatik tiraka, galdera egin du Kasaresek: «Hemendik aitzinera, inkesta soziolinguistikoek Nafarroan marraztu duten hazkunde mantso hori segitzerik izanen ote da?».
Erantzuna baiezkoa izan dadin, «egiturazko aldaketa handi bat» beharrezko ikusten du soziolinguistak, «bermatzeko Nafarroako belaunaldi berriek gutxieneko harreman bat dutela euskararekin». Atzerrian sortutako herritar erdaldunak «euskarara hurbiltzeko» bideak ere galdegin ditu: «Migratzaile askok, aukera ematen zaielarik, euskara hautatzen dute beren seme-alabentzat, baina, askotan, ez zaie aurkezten elementu erakargarri gisara».
Erabilera
%6ko langatik aldendu ezinik
Inkesta soziolinguistikoaren arabera, zortzi herritarretik batek erabiltzen du euskara Nafarroan. Hala ere, bi bloke nagusi bereizi dituzte hiztunen multzo horren barruan: euskaraz erdaraz beste edo gehiago egiten dutenak, batetik, eta euskaraz erdaraz baino gutxiago egiten dutenak, bestetik. Lehen blokea, euskararen erabilera trinkoa egiten dutenena, apur bat handitu da 1991z geroztik, gazteen artean batez ere, baina bilakaera oso apala da. «Erabilera geldirik da», laburbildu du Kasaresek. «2011ko eta 2016ko inkestek agertzen zuten gorakada txikitxo bat, baina azkenekoan ez dago alde handirik».
Kale neurketaren datuek, aldiz, behera egin dute 2016koekin alderatuta: kalean entzundako euskarazko solasaldiak ez dira %6ra ere iristen. Soziolinguistaren irudiko, inkestak eta neurketak emaniko datuak «koherenteak» dira euren artean: «Kale neurketak behaketen bidez egiten dira, eta inkesta soziolinguistikoan erabilera aitortua da, jendeak erantzuten duenaren araberakoa. Edonola ere, kasu bietan, emaitzak antzekoak dira, eta datuak apenas mugitu diren azken urteetan». Ez aurrera ez atzera, beraz.
Izan ere, kale erabilera apalaren oinarrian ezagutza maila dago: «Nafarroan dugun ezagutza tasa txikiarekin, nekez gertatuko da erabileran jauzi kualitatiborik», esan du. Haren ustez, ezagutzan jauzi kualitatiboa gertatu ezean, nekez ikusiko da goranzko nabarmenik erabileran. «Erabilerak gora egiten du ezagutzak gora egiten duen heinean; gazteen artean, adibidez, ezagutza %30 ingurukoa da, eta, hain zuzen, talde horretan ikusi dugu erabilera datuen hazkunderik handiena».
Jarrerak
Gazteek atxikimendu eskasa
Bigarrenez jarraian, inkesta soziolinguistikoan behera egin du euskara sustatzearen alde direnen ehunekoak. Edonola ere, duela 30 urte baino dezente gehiago dira: herritarren herenek begi onez ikusten dituzte euskara sustatzeko neurriak. Aurkako jarrera dutenak, aldiz, %37 dira. 1991tik, murriztera jo du multzo horrek, oro har, baina gora egin du azken urteetan. «Ezagutzaren eta erabileraren kasuetan ez bezala, jarreretan gorabehera handiak sumatu daitezke, klima sozialak eta politikoak eragiten ahal duelako», azaldu du Kasaresek. Gazteen jarreretan agertu du kezka nagusia. Izan ere, adin talderik euskaldunena izanda, euskararekiko atxikimendu txikiena duena ere bada: 16-24 urte artekoen multzoan, %28k egiten dute ongi euskaraz, eta %27,2 daude euskara sustatzearen alde. Datu horien argitara, uste izatekoa da gazte euskaldun batzuk ere ez datozela bat euskara sustatzeko neurriekin. Kasaresek ez du horretarako azalpen zehatzik topatu: «Pentsa daiteke gazte horiek euskararekin duten harremanak duela erantzuna. Eskolako hizkuntza baizik ez da haientzat? Nola irakasten da euskara eskoletan? Ez dugu lortzen euskalduntzen ditugunak ere euskaltzale bihurtzea?». Erantzun gutxi utzi dituzte azken ikerketek, eta gogoetarako auzi ugari.
iruñea, euskal hiztun gehien duen eremua
Inkesta soziolinguistikoa egiten hasi zirenean, 1991n, Nafarroako euskaldun gehienak mendialdean bizi ziren, Euskararen Legeak «eremu euskaldun» gisa izendatutako horretan. Gaur egun, egoera oso bestelakoa da. 2021eko datuen arabera, Iruñean %13,5 dira euskaldunak: 23.306 biztanle, denera. Euskaldun hartzaileak batuz gero, 42.388k dute euskararen ezagutzaren bat, eta, hortaz, hiriburua da Nafarroan euskaldun gehien biltzen duen eremua.
Kaleko erabilera, ordea, geldirik dago aspalditik, eta Nafarroakoa baino koska bat beherago dago: kalean entzundako solasaldien %2,7 soilik izan dira euskaraz, gaztelania eta frantsesa ez diren beste erdaren pare. Hala ere, 1989tik aurrerako datu guztiak aintzat hartuta, goranzko oso mantso bat antzeman daiteke euskararen erabileran.