Nafarren herenak kutsatu dira COVID-19az izurria hasi zenetik

Transmisioa eta ospitaleratzeak beheranzkoan direla berretsi du Nafarroako Osasun Publikoko Institutuak

Txertoa jartzeko gunen bat, Iruñean. JESUS DIGES / EFE
Ion Orzaiz.
2022ko otsailaren 3a
13:22
Entzun

Nafarroako Lan Osasuneko eta Osasun Publikoko Institutuak jakinarazi du izurria hasi zenetik Nafarroako herritarren herenak kutsatu direla COVID-19arekin. Ehuneko hori are handiagoa da 15 eta 34 urte bitartekoen multzoan: hamarretik lau infektatu dira koronabirusarekin.

Institutuak asteroko txosten epidemiologikoan azaldu duenez, birusaren transmisioa «intentsitate oso handikoa» da oraindik, baina igartzen da «beheranzko joera», bai positiboetan, bai ospitaleratzeetan. Intzidentziak behera egin du herrialdean lau astez jarraian. Urtarrilaren azken astean, zehazki, aurreko astean baino %27 positibo gutxiago atzeman zituzten: 10.754 kasu. Intzidentziaren apaltzea nabarmena izan da, bereziki, 15 urtetik beherakoen taldean. Institutuak aztertutako lagin ia guztiak, gainera, omikron aldaerari dagozkie.

Ospitaleratzeek ere behera egin dute nabarmen. Urtarrilaren 24tik 30era bitartean, 75 pertsona erietxeratu dituzte COVID-19ak jota, aurreko astean baino 49 gutxiago. ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan ere nabari da beheranzkoa: urtarrileko azken astean, bost lagun artatu behar izan zituzten Nafarroako ZIUetan (aurreko astean 9 izan ziren). Heriotzak, baina, ez dira gutxitu: astebetean, 28 lagun hil ziren Nafarroan COVID-19agatik, aurreko astean adina.

1.600 heriotza gutxiago, txertoei esker

Institutuak, bestalde, nabarmendu du koronabirusaren aurkako txertoak oso eraginkorrak direla. Txostenean irakur daitekeenez, pauta osoarekin txertatu direnek %90 arrisku txikiagoa dute ospitaleratuak izateko, eta %95 txikiagoa, ZIUan artatuak izateko.

Txertatze prozesua Nafarroan hasi zenetik, txertoek 190.000 infekzio eragotzi dituzte, 10.000 ospitaleratze (1.100 ZIUetan) eta 1.600 heriotza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.