Abortatzeko eskubidea. Arau berria, prest. Tere Saez. Ekintzaile feminista eta Ahal Dugu-ko parlamentaria

«Nafarrei beren gorputzaren jabe izateko eskubidea ukatu zaie»

«Ilusioz» egin du Sexu eta Ugalketa Osasunari buruzko Foru Dekretuaren balorazioa Saezek. Orain arteko mugak gainditu eta «aske eta seguru bizitzeko» urratsak egingo direla uste du.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2015eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Denbora luzean egon da halako berri baten zain Tere Saez ekintzaile feminista (Binefar, Espainia, 1957). Egun Ahal Dugu-ko parlamentaria izanik, Sexu eta Ugaltze Osasunari buruzko Foru Dekretua sortzen lagundu du. «Aurrerapen itzela» dela dio, eta baieztatu du sare publikoan abortatzeko eskubidea baino «askoz gehiago» lortuko dela arau horrekin.

Nafarroan aldarrikapen historikoa izan da abortatzeko eskubidearena.

Indar handia izan du beti eskuin atzerakoi baten presioak. Eskura zituzten estrategia guztiak erabili dituzte 1985eko legea ez betetzeko. Are eta gehiago, 1986an emakume bat eta hura artatutako hiru ginekologoak salatu zituzten, beldurra eragiteko asmoarekin. Hori zuten helburu bakarra, inor ez zedin abortatzen ausartu.

Bide horretan, gobernuaren jarrera askotan salatu duzu zuk.

Orain arte, Nafarroako Gobernuak uko egin dio Espainiako lege organikoa aplikatzeari, eta hori ezin da onartu. Agintean egon diren gobernuek sekulako zorra daukate urtero-urtero kanpora joan behar izaten zuten 800 bat emakumerekin. Kriminaltzat hartu izan dituzte, egiten ari zirena txarra zela sinetsarazi, eta atzerrira bidalita. Erabaki hori oso irmo izan duten emakumeek ere izugarri sufritu dute debekuarekin, egindako presioak zama handia jarri baitie gainean. Berez gogorra dena, are gogorragoa bilakatu dute. «Abortatzen utziko dizugu, baina jakin ezazu izurriduna zarela gure gizartean».

2011n Antsoaingo klinika pribatua ireki zutenean ere, ezin zen lasai abortatu.

Elkarretaratze bat baino gehiago egin dituzte klinikaren aurrean, eta, bakoitzak bere iritzia izan dezakeen arren, errespetua galdu zieten hara biltzen zirenei; fisikoki nahiz hitzez eraso eginez. Gainera, kontua larriagotzen hasi zen, Iruñeko artzapezpikuak bilkura horien alde egin zuenean.

Testuinguru horretan, zer dakar atera berri den dekretuaren zirriborroak?

Sekulako aurrerapausoa da, baina ez bakarrik abortuaren gaian. Aurrerapen handia iruditzen zait 2010eko lege organikoaren garapena den heinean. Gai oso garrantzitsuak hartzen ditu barne, eta sexualitatea bere osotasunean onartzen du. Gorriz markatutako beste puntu bat, hezkuntza afektibo-sexualarena da, curriculumeko ikasgaia izan behar dela uste baitugu.

Orain arte, UPNk argudiatu izan du sare publikoan ez dagoela medikurik abortuak egiteko prest.

Betiko aitzakia merkea. Dekretu honek aitortzen du medikuek badutela eskubidea kontzientzia eragozpena egiteko, eta, orain arte, hiruk eman dute izena erregistro horretan. Halere, horrek ezin du urratu emakumeek duten abortatzeko eskubidea, eta hori garbi dator dekretuan. Zerbitzu publikoan herritarrei osasuna bermatu behar zaien moduan, eskubide horiek ere bermatzeko obligazioa daukagu.

Arreta zentroen izena eta izaera ere aldatu dira.

Azken urteotan interes handia egon da Emakumeen Arretarako Zentroak izena erabiltzeko. Akats handia izan da. Batetik, kanpoan utzi nahi zituzten sexualitatearen gaia eta sexu eta ugaltze eskubide guztiak. Bestetik, nola lortu nahi dugu berdintasun egoera bat, kontziliazio eta aitatasun arduratsuaren gaietan hasiera-hasieratik aitortzen badugu emakumearekin lotuta daudela soilik? Aldehorretatik, bere izena berreskuratu dute, garai bateko COFES zentroetara itzuliz: Ugalketa eta Sexu Osasun Zentroak izango dira, eta mistoak izango dira berriz.

Espainiako Gobernuak agindu zuen ez onartzeko bikote gabeko emakumeen ernalkuntza eskaerarik. Dekretua horren gainetik dago?

Bai. Agindu horren arabera, behartuta daude indikazio terapeutiko bat badagoela egiaztatzera. Alta, dekretuan esplizituki aipatzen da hemen ez dela egiaztagiririk behar. Denon eskubidea da guraso izatea.

Nafarroan 2009tik nahiko garatua dago transexualen gaia, baina oraindik egoera ez da erabat normalizatu. Zer ari dira eskatzen?

Onarpen osoa. Era normalizatu batean aitortu behar ditugu, mundua ikusteko eta sentitzeko mila modu daudela onartuta. Transexualitatearen esparruan kontu ugari landu behar dira: hezkuntza zentroetan dauden zailtasun errealak, ebakuntzarekin lotutako aferak... Pixkanaka guztiak bildu behar ditugu. Sexu aniztasuna bere horretan normalizatu behar dugu behingoz, eta zerbitzu berak eskaini denei.

Aldaketak pixkanaka egin beharko dira.

Bai, bai. Egun batetik bestera ezin da horrelako zerbait aldatu, baina uste dut kilometroko jauzia egin dugula. Urte asko generamatzan eskubideen urraketa horiek salatzen, eta bada garaia nafarrei zor dieguna itzultzeko. Nafarrei zoriontsu izateko eta nor bere gorputzaren jabe izateko eskubidea ukatu zaie orain arte. Aski da, gu ez gara nor herritarrei zoriontasuna lapurtzeko.

Zein da herritarrei helarazi beharreko mezua?

Eskubideen arloan aurrerapen handia egin dugula, eta beldurrak uxatzeko garaia heldu dela. Jendea seguru eta aske sentitzea nahi dugu; ea herritar guzti-guztiok hobeto bizitzerik dugun, errespetua oinarri izanik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.