Nafarrateren auzia artxibatu egin du Arabako Auzitegiak

Epaileak dio gaztea bere kabuz erori zela, eta Ertzaintzak ez zuela zauritu.Nafarrateren sendiak «babesgabetasun juridikoa» salatu du

Nafarrateren sendiak 2012an legebiltzarrean egin zuen agerraldia. R.BOGAJO / ARP.
edurne begiristain
Gasteiz
2015eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
2012ko martxoaren 29an Xuban Nafarratek buruan izan zituen zauriak ez zituen Ertzaintzaren pilotakada batek eragin. Hori ebatzi du Arabako Probintzia Auzitegiak, gazte gasteiztarrak bost ertzainen aurka jarritako salaketa atzera botaz. Auzitegiak atzo kaleratutako autoan berretsi egin du aurrez Gasteizko Instrukzio Epaitegiak ebatzitakoa, eta, ondorioz, behin betiko artxibatu du auzia. Jesus Alfonso Poncela buru duen epaimahaiak dio Xuban Nafarrate estropezu eginda bere kabuz erori eta zauritu zela, eta ezin dela frogatu haren zauriak pilotakada batek eragindakoak izan zirela.

Nafarratek 19 urte zituen zainketa intentsiboetako unitatera eraman behar izan zutenean, greba egunean Ertzaintzak egindako oldarraldi baten ostean, Gasteizen. Gazteak kolpe gogorra hartu zuen buruan, ezker aldeko hezur parietalean, belarriaren ondoan. Orduan Rodolfo Aresek zuzentzen zuen Herrizaingo Sailaren bertsio ofizialak esan zuenez, Nafarrate eta beste zenbait lagun edukiontziak gurutzatzen ari ziren, eta, ertzainei ihesi lasterka hasi zenean, erori, eta espaloi ertz baten kontra kolpea hartu zuen. Erabat desberdina da Nafarrateren sendiak defendatzen duen bertsioa: ertzainek lau metrotik jaurtiriko pilotakada baten ondorioz erori zela lurrera.

2013ko irailean auzia berriro irekitzea erabaki zuenetik, Probintzia Auzitegiak «beste ikerketa batzuk» abiarazi, eta auzian zeuden «zalantzazko puntuak» argitu dituela dio autoak. Besteak beste, auzi mediku baten lekukotza jaso, eta gertaeren bideo bat aztertu du. Autoak jasotzen duenaren arabera, auzi medikuak ondorioztatu du Nafarratek buruan zuen zauria ez zuela pilotakada batek eragin ohi duen «itxurarik». Horrez gain, autoak dio Nafarreteren erorikoa jasotzen duen bideo batek erakusten duela eskopetarekin tiro egin zuen ertzaina gaztearengandik bost metrora zegoela, eta distantzia horretan tiro egin izan balu kalteak «larriagoak» izango zirela. Hala, ertzainak gaztearen aurka pilotakada jaurtitzeko asmoa izatea «zalantzan» jarri du Auzitegiak.

Ez hori bakarrik. Auzitegiak gogoratu du gertaerak greba egun batean izan zirela, eta liskarrak hasi eta ertzainek euren burua arriskuan ikusi zutenean, «neurrizko erantzuna» eman zutela. Gainera, autoak dio Nafarrate lurrean etzanda zegoenean ertzainei «erresistentzia» agertzeak «justifikatu» egiten duela haiekerabilitako indarra.

Familiaren «ezintasuna»

Arabako Lurralde Auzitegiakhartutako erabakiarekin «minduta» azalda da Xuban Nafarrateren sendia. «Ezintasuna sentitzen dugu, eta oso haserre gaude», adierazi dio BERRIAri Joseba Nafarratek, Xubanen aitak. Inputatuta zeuden bost ertzainen aurkako ahozko epaiketa irekitzea nahi zuen gaztearen familiak, baina aukerarik ez du izango, auziaren artxiboa behin betikoa delako, eta ezin zaiolako helegiterik aurkeztu. «Arrazoia gure alde dago, baina gure jarrera defendatzeko bidea erabat itxi digute».

Auzia epaitegietara iritsi zen unetik bertatik, gaztearen familiaren helburuetako bat izan da justiziak gertatutakoa bururaino ikertzea eta argitzea. Horretarako, mediku txostenak eta dokumentu tekniko eta zientifiko ugari aurkeztu ditu epaitegian: besteak beste, Ertzaintzaren oldarral- dia ikusi zuten lekukotzak, Xuban artatu zuen Santiago ospitaleko medikuaren txostenak eta ertzainek jaurtiriko pilotak buruan jo zuela frogatzen zituzten hainbat bideo. Haatik, familiak salatu du epaileak ez duela onartu horietako froga bat bera ere. «Babesgabetasun juridiko erabatekoa sentitzen dugu», adierazi du Nafarratek.

Haren ustez, «harrigarria» da familiak eskatutako mediku eta adituen lekukotzak baztertzea, eta «inpartzialagoak» direlakoan auzi medikuaren eta poliziaren bertsioari sinesgarritasuna ematea. Nafarratek salatu duenez, Auzitegiak kaleratutako autoak ez du inolako oinarri zientifikorik, eta epaimahaiaren «interpretazioetan» oinarrituta dago soilik. «Autoa irakurrita gezurrak baino ez ditugu aurkitzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.