Nafarrateren aitak salatu du ikerketa falta «ikaragarria» egon dela

Legebiltzarrari bere hitza bete ez izana egotzi dio, kasua ikertuko zuela esan eta egin ez duelako

Erredakzioa
2013ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
«Prozedura judizialak ez du egia argitzeko balio izan. Gure salaketa behin-behinean itxi egin dute, eta ez da ikerketa tekniko, zorrotz eta independenterik egin». Xuban Nafarrateren aita Josebaren hitzak dira horiek. 2012ko martxoaren 29ko lan erreformaren aurkako greba orokorrean Gasteizen izan ziren gertakariei erreferentzia eginez, berretsi egin du semearen zauriak ertzain batek botatako gomazko pilota batek eragin zituela, eta salatu du ikerketa falta «ikaragarria» egon dela.

2012ko martxoko egun hartan Ertzaintzaren karga baten ostean zainketa intentsiboen unitatera eraman behar izan zuten gaztea. Buruko ezkerreko aldeko hezur parietalean, belarriaren ondoan, jasotako kolpeagatik. Nafarrateren familiak salaketa jarri zuen Ertzaintzaren aurka, baina artxibatu egin zuten. Epaileak esan zuen gaztearen buruko zauria ezin zela izan gomazko pilota batek eragindakoa, eta «estropezu egin eta eroritakoan» egindakoa izan zitekeela. Bertsio bera izan du Ertzaintzak ere: beste hainbat gazterekin batera, kontainer bat mugitzen ari zenean ertzainen karga hasi eta korrika atera zela dio Ertzaintzak, eta orduan eroritakoan egin zuela zauria. Baina horri kontra egin diote orain arte Nafarreteren senideek eta hainbat lekukok.

Atzo, EH Bilduk eskatuta, Eusko Legebiltzarrean izan zen Nafarrateren aita. Bertan berretsi zuen gomazko pilotak eragin zuela semearen buruko zauria. Auzitegian aurkeztutako bideoa eraman zuen, gertatutakoaren narrazio grafikoa, eta nabarmendu zuen epaileak ez zuela hori aztertu. Ertzainek «gezurrean» oinarrituta egindako «edizio interesatu eta injustu bat» aztertu zuela baizik. Horrez gain, Xuban Nafarreteri desordena publikoetan parte hartu izana egozten diote. Horren harira, aitak nabarmendu du ez dela «gaizkile bat».

Gogorarazi du legebiltzarrak esan zuela kasuaren ikerketa bat egingo zuela, baina ez duela «bere hitza bete». Gaineratu du senideek «gezurrak» entzun behar izan dituztela denbora tarte honetan, eta «hertsatu» egin dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.