'Nadie' ez diren horiek

2017an, Euskal Herritik kanporatua izateko zorian izan zen Cheikhouna Dieng senegaldarra. Orain, egoera berean da haren lehengusua, Moussa Diagne. Lehen bezala orain, herritarren elkartasuna giltzarri izan daiteke paperak lortzeko bidean.

Cheikhouna Dieng eta Moussa Diagne, Iruñeko Txantrea auzoan. IÑIGO URIZ / FOKU
Cheikhouna Dieng eta Moussa Diagne, Iruñeko Txantrea auzoan. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2024ko irailaren 17a
05:00
Entzun

Iruñean hamabost urtez bizi ostean, Cheikhouna Dieng ohitua dago bere izena edozein eratara entzutera. «Iepa, Txekuna!», «Sijuna, aspaldiko!». Txantreako taberna baten terrazan eserita, behin eta berriro eten behar izan du kontakizuna, ezagunen bat agurtzeko. «Ei, Txeku, zer moduz?». Dozenaka lagun ditu auzoan, eta bakoitzak bere erara ahoskatzen du haren izena, kasuan-kasuan euskarara edo gaztelaniara moldatua. Ez dio axola. Diengek berdin-berdin erantzuten du beti, irribarrez. Jakin badaki, lagunarteko giroan, goitizenek balio dezaketela konfiantza eta gertutasuna adierazteko. Konplizitate sareak josteko.

Behin bakarrik haserretu zen izena aldatu ziotelako: Senegaldik Europarako bidean, Tenerifen (Espainia) atxiki zuen poliziak, eta izen-deiturak eman zituenean, Immigrazioko agenteak nahi zuena idatzi zuen agirian: Seku Nadie. «Nadie jarri zidaten abizena, inor ez banintz bezala», kexu da, ordutik 18 urte igaro badira ere. Poliziaren utzikeriak arazoak ekarri zizkion gerora, hura kanporatu ala ez erabakitzeko epaiketan, fiskaltzak argudiatu baitzuen «izen faltsu bat» erabiltzen ari zela, «nahasteko» eta «justiziari izkin egiteko».

Iruñera iritsita, Dieng abanikoak eta eskumuturrekoak saltzen hasi zen, Txantrea, Arrotxapea eta Antsoain inguruko tabernetan. Lagun asko egin zituen orduan, eta trago artean futbol partidak ikustera ere gonbidatzen zuten noizean behin. Senegaldar gaztea hasia zen, pixkanaka, sare txiki bat ehuntzen. Hortik heldu omen zitzaion polizia hark jarri zion bigarren ezizena: abertzale. Oraindik ez du oso argi zergatik deitzen zioten horrela. Akaso erakusteko kontrolatua zutela, eta bazekitela giro abertzaleko tabernetan ibili ohi zela. Bazekitela non harrapatu, alegia. Poliziarentzat, nadie zen hura abertzale bihurtu zen; eta bi kasuetan, hurbiltasuna adierazteko ez, iseka egiteko eta arrakalak are ageriago uzteko erabili zituzten ezizenak poliziek.

«[Kanporatze agindua jasotzean] Urduri ematen dituzu egunak; une oro zabiltza atzera begira, eta pentsatzen duzu edonor izan daitekeela polizia bat, kaleko jantzita»

CHEIKHOUNA DIENGTxantreako bizilaguna

Diengek bere istorioa kontatzen duen bitartean, begira du Moussa Diagne lehengusu gaztea. Urrian hiru urte beteko dira hark ere Iruñean habia egin zuenetik. Senegal-Maroko-Espainia-Euskal Herria bidea egin zuen, lehengusuaren arrastoari segika. «Hasieratik argi nuen Iruñera etorri nahi nuela, esan zidatelako hemen ongi egonen nintzela». Diengi ez bezala, Diagneri ez zioten bidean izena aldatu, baina Espainiako immigrazio legeek, fiskaltzak, poliziek eta gainerako erakunde ofizialek argi utzi diote, sistemaren begietara, hura ere nadie dela. Inor ez.

Europako erakundeen egiturazko arrazakeriaren kontra talka egin dute biek ala biek. Cheikhouna Dieng 2017. urtean jarri zuten auzibidean, eta kanporatze agindua ere jaso zuen, paperik ez zuela poliziak geldiarazi eta salaketa jarri ziolako. Oin bat Senegalerako hegazkinean zuela, baina, prozesua etetea lortu zuen jendearen elkartasunakin extremis lortutako lan kontratu bati esker. Nafarroan bizitzeko eta lan egiteko baimena du orain, eta aukera du, ahal duen bakoitzean, sorterrira itzultzeko eta emaztea eta seme-alabak bisitatzeko. 

Diengek duela zazpi urte sufritutako bazterketa hori da, hain zuzen, bere lehengusuak orain bizi duena. Espainiako Poliziak bi salaketa jarri dizkio azken hilabeteetan: ekainean atxiki zuten estreinakoz Mutiloako jaietan (Nafarroa), futbol taldeen imitaziozko kamisetak saltzeagatik. Kirol zapatilak ere saldu izan ditu kalean, eta horren kontura, beste salaketa bat jarri diote: imitaziozko zapatilen bidalketa bat atzeman zuen Espainiako Poliziak GLS mezularitza enpresan, eta paketean azaltzen zen helbidera bertaratu zen. Diagnek bere etxeko atea ireki zuenean, poliziak ikusi zituen kaleko jantzita, pakete batekin. Mezularitza enpresakoak zirela pentsatu zuen, eta zapatila kutxa hori berea ote zen galdetu ziotenean, baietz erantzun zuen, birritan pentsatu gabe. Poliziak bazuen behar zuen guztia: izen bat. Errudun bat.

Nike ere, zigor eske

«Ahulenen kontra jotzen dute beti», azaldu du Isa Egigurenek, etsipenez. Txantreako bizilaguna da Egiguren, eta Moussa Diagneri laguntza emateaz arduratzen den lantaldeko kidea. «Zergatik ez dute ezer egiten faltsifikazioak egiten dituzten enpresen eta negozioen aurka? Bada, errazagoa delako kalean saltzaile dabilen migratzaileari jazartzea eta hura kanporatzea».

Poliziaren salaketa horretan oinarriturik, zigor eskaera eginen du fiskaltzak aurki: izan daiteke isun bat, gizarte lanak egin beharra edo, okerrenean jarrita, kartzela zigorra. Kasu honetan, gainera, auzian nahasi da Nike multinazionala, eta 1.362 euro eta 11 zentimo exijitzen dizkio Diagneri, kamiseta eta zapatila faltsuek eragin dizkioten ustezko kalteen ordainetan. Enpresa horrek 51.362 milioi dolarreko —46.583,54 milioi euroko— fakturazioa izan zuen 2023. urtean.

Horri guztiari gehitu behar zaio auziak berekin dakarren kanporatze prozesu automatikoa: Damoklesen ezpata, Diagneren buru gainean zintzilik. «Kasu guztietan, fiskaltzak zigor bat eskatzen du, eta horrez gain, auzipetua herrialdetik kanporatua izan dadila», azaldu du Egigurenek. «Akusatuak ez badu paperik, epaile batzuek onar dezakete zigorra bertan behera uztea, kanporatze azkar baten truke. Edonola ere, prozesua ez da berehalakoa izaten, eta batzuetan epaileak erabaki dezake, kanporatze agindua gauzatu arte, akusatua espetxeratzea».

«Poliziak ahulenen kontra jotzen du beti; errazagoa da kalean saltzaile dabilen migratzaileari jazartzea, faltsifikazioak egiten dituen enpresa bati baino»

ISA EGIGURENTxantreako bizilaguna

Dena den, sententziarik, zigorrik eta, are, epaiketarik gabe ere, salaketa honek bete-betean eragin dio jada Diagneren etorkizun hurbilari: urrian, hiru urte beteko dira Iruñean bizitzen hasi zenetik, eta, langa hori gaindituta, aukera zuen paperak tramitatzen hasi eta bere egoera erregularizatzeko. Orain, epaileak edozer erabakitzen duela ere, luzatu eginen zaio prozesua. «Bi salaketa hauek arrastoa utzi dute jada Moussaren espedientean», azaldu du Egigurenek. «Paperak lortu ahal izateko, zigor espedientea baliogabetu behar da, eta, horretarako, ezinbestekoa da zigorra txikia izatea». Horretan ahaleginduko da defentsaren abokatua: tratua bilatuko du fiskaltzarekin, zigor arin bat adoste aldera, eta, horrela, Diagnek aukera izanen du bere egoera lehenbailehen legeztatzeko. «Onenean jarrita, urtebete izan daiteke; txarrenean, bost bat urte».

«Berriz ezinegon hori»

Terrazako mahaiaren bestaldean, Cheikhouna Diengek arretaz entzun du bere lehengusuaren eta Egigurenen arteko solasaldia. Ezetz egiten du buruarekin, noizbehinka. Burura etorri zaio hark ere bizitakoa. «Urduri ematen dituzu egunak, ezin lasai egon», azaldu du: «Kalean, une oro zabiltza atzera begira... Pentsatzen duzu edonor izan daitekela polizia bat kaleko jantzita, eta segika dituzula». Izan ere, kanporatze agindua edozein momentutan sar daiteke indarrean, eta beldur horrekin bizi izan zen Dieng hainbat hilabetez. «Txantreako tabernaren batean lagunekin nengoenean, Harpean adibidez, gustura egoten nintzen, lasai. Baina jendea agurtu eta etxeraino joan behar duzu gero... Eta kalean zaude, bakarrik. Orduan azaleratzen dira beldurrak». Horregatik, jakin zuenean lehengusuari ere kanporatze agindua iritsi zitzaiola, sentsazio bera sentitu zuen sabelaldean. «Ezinegon hori, berriz».

Diagneren auziak eragin dion arranguraren gainetik, baina, Cheikhouna Diengek badu esperantzarik. «Albisteak Senegalen harrapatu ninduen, familia bisitatzen, baina ikusi nuenean Txantreako lagunak buru-belarri ari zirela Moussaren defentsa prestatzen, lasaiago geratu nintzen. Esku onenetan zaude, idatzi nion». Duela zazpi urte, auzoko bizilagunek hamaika ekinbide antolatu zituzten, Diengen kanporatzeagatik protesta egiteko eta konponbideren bat bilatzeko: manifestazioak, elkartasun jaialdiak, diru bilketak...

Azkenerako, fruitua eman zuen elkartasun sare horrek: lan kontratu bat egin zioten, eta horrek geldiarazi zuen kanporatze prozesua. Orain, metalgintzako lantegi batean ari da lanean, eta idenpendentzia ekonomikoa lortu du, Senegalen duen familiari laguntzeko. «Mila koloreko Txantrea baten alde, hori izan zen nire alde egin zuten manifestazioaren leloa. Eta jakin badakit oraingoan ere hala izanen dela Moussarentzat. Auzoko lagunek direnak eta ez direnak eginen dituztela haren alde, ez dutela bazter utziko».

Baietz dio Diagnek. Hark ere sentitu du ingurukoen maitasuna egunotan. Irailaren 7an, elkartasun jaialdia egin zuten Arriurdiñeta plazan, eta orduan bildutako diruarekin, gastu juridikoen zati bat ordaindu ahal izanen dute.  «Duela zazpi urte bizi izandakoak balio izan digu ikasteko», esan du Isa Egigurenek. «2017an, ofiziozko abokatu bat esleitu zioten Cheikhounari, eta esperientzia oso txarra izan zen. Orain, eskarmentudun abokatu bat kontratatu dugu, baina dirua behar da horretarako, eta horregatik antolatu genuen irailaren 7ko jaialdia, presaka eta korrika». Lan horri esker, arnasa apur bat hartu ahal izan du senegaldar gazteak. «Denak oso ongi portatu dira nirekin: Isa [Egiguren], Fermin [Vierge], Silvia [Jauregi]... Lagunak baino gehiago dira. Silvia nire ama da Iruñean. Badut ama bat Senegalen, eta beste bat hemen», kontatu du. 

Diskurtso arrazisten eragina

Txantrea, auzoa bera, harrerako familia bihurtu da bai Moussa Diagnerentzat bai Cheikhouna Diengentzat. Bi kasuetan, ingurukoen elkartasuna izan da harresi bat administrazioaren oldarraldien aurka, eta izan da aterpe bat, gutxieneko ongizatea bermatzeko. Bi gazteek jakin badakite, hala ere, burbuila horretatik kanpo, gero eta hedatuago daudela diskurtso eta jokabide arrazistak. «Voxen eta halakoen diskurtsoa, eskuin muturrarena, ez da deus berria: aurretik entzuna nien beste askori», esan du Diengek. «Nik jada ez dut kalean lan egiten, eta kontaktu gutxiago daukat jendearekin, baina nabari da diskurtso horiek eragina dutela: bada agurtzen ez zaituen jendea, enpresan hitz egiten ez dizuna edo, taberna batera sartzen zarenean, modu txarrez bota nahi zaituena».

«Marokon emandako bi urteak infernua izan ziren, eta orain, Iruñean, oso zoriontsua naiz, baina konturatu naiz hemen ere badela jende gaiztoa eta oso arrazista, edonon bezala» 

MOUSSA DIAGNETxantreako bizilaguna

Halakoak maizago sumatu ditu Diagnek azken urteetan, Marokon izan edo Euskal Herrian izan. «Maroko infernua izan zen», gogoratu du: «Bi urte eman nituen han, sasian, Lanzaroteraino (Espainia) eramanen ninduen txalupa hartu aurretik. Eta orain, Iruñean, oso zoriontsua naiz, baina konturatzen naiz hemen ere badela jende gaiztoa eta oso arrazista, edonon bezala». Horrexegatik, are balio handiagoa ematen dio Txantrean sortu duen familiari.

Zail egiten zaio sentimendu horiek adieraztea berezko ez duen hizkuntza batean. Hori ikusita, Cheikhounak beretzat hartu du solasaldiko azken hitza: «Bide honetan, ezinbestekoa da ikustea jendeak maite zaituela eta argi izatea, zer gerta ere, alboan izanen dituzula. Jendearen maitasunak indartsuago egiten gaitu». Esan beharrekoak esanda, terrazako mahaitik altxatu dira lehengusuak, baina ez dira urrutira joan. Beste ezagun batekin topo egin dute, eta hizketan hasi dira harekin ere. Argi dago, noizbait kontrakoa esan badiete ere, Cheikhouna Dieng eta Moussa Diagne ez direla nadie. Badirela nor.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.